Amurrioko Super Kopan Espainiako rankineko lidergoa sendotu du Lidia Yarza Ama Guadalupekoako judokak. Maialen Ramosek brontzea eskuratu du eta hirugarren jarri da.
Amako ordezkariak, Amurrion
Ama Guadalupekoa Judo taldeko Lidia Yarzak beste urrezko domina bat izango du etxeko bitrinan gordetzeko. Oraingoan, asteburuan Amurrion (Araba) egin den Espainiako Super Kopan lortu du garaipena (+78 kiloetan). Yarzak nagusitasun handiz menderatu zituen koadroan gurutzatu zitzaizkion bi aurkariak, eta Espainiako gazteen rankineko lidergoa sendotu du.
Eta Maialen Ramosek brontzezko domina jantzi zuen -63 kiloetan. Gazte Mailan lehen urtea du Ramosek, baina dagoeneko hiru domina pilatu ditu Espainiako Kopetan eta rankineko hirugarren postuan kokatu da. Amurrion, hiru borroka irabazi eta bat galdu zuen Ramosek; Espainiako txapeldunordearen kontra izan zen porrota.
Yarzarekin eta Ramosekin batera, Iker Otegi (-66) eta Aritz Garcia (-73) izan dira Amurrion. Otegik lau borroka irabazi eta bi galdu zituen, eta bederatzigarren geratu zen, txapelketa ona egin eta gero. Garciak, aldiz, lehen borrokan galdu zuen Madrileko ordezkariaren kontra eta bigarren aukerarik gabe geratu zen.
Avilesen kadeteak
Azaroko lehen asteburuan Villa de Aviles Txapelketa handia ospatu zen, kadete eta haur mailetan, eta bertara Ama Guadalupekoa taldeko zazpi judokak bidaiatu zuten. Nagore Otegi kadeteak (-63) ezustekoa eman zuen eta brontzeko dominarekin itzuli zen Avilesetik. Duela bi urte hasi zen Otegi judo praktikatzen, eta dagoeneko domina bat lortu du Espainiako Kopa batean.