Txiste grafikoen erakusketa, abian
Arma Plazako goiko solairuan bisitatu daiteke Hondarribiko XXIV. Txiste Grafikoen erakusketa.
Ireki dute Hondarribiko XXIV. Euskal Txiste Grafikoen lehiaketara aurkeztutako lanak biltzen dituen erakusketa. Arma Plaza Interpretazio Zentroko goiko solairuan jarri dute eta bertan ikus daitezke A Mailako (16 urtetik gorakoak), B Mailako (12-16 urte) eta D Mailako (12tik behera) ikasleen lanak, haien artean saritutakoak. Astelehenetik larunbatera 10:00etatik 18:00etara bisitatu daiteke, eta igandetan goizez, 14:00ak arte. Sari banaketa hilaren 21ean egingo da, Arma Plazako aretoan hori ere. Sari banaketaren ondoren oraindik bi egunez bisitatu ahalko da aurtengo Euskal Txiste Grafikoen lehiaketako erakusketa. Txiste Grafikoen lehiaketa Hondarribiko Udaleko Euskara departamentuak antolatutako Neguko Jardunaldiak programa barruko ekitaldia da, euskararen erabilera sustatzea helburu duena.