Azaroa bukaeran Challenger Tours Finals txapelketa jokatuko du Sao Paulon. Challenger txapelketetan pilatutako puntuei esker sailkatu da hondarribiarra.
Cervantes, RCT Barcelonako kideekin
Iñigo Cervantes tenista hondarribiarrak Taldekako Espainiako Tenis Txapelketa irabazi berri du
Real Club Tenis Barcelona taldearekin. Joan den asteburuan lortu zuten txapela, finalean Madrilgo Club Tenis Chamartin 4-0 gaindituta. Hondarribiarrak Javier Martiren kontra jokatu zuen eta bi setetan lortu zuen garaipena (7-5 eta 6-4).
Cervantesekin batera, Gerard eta Marcel Granollers eta Albert Montañes tenislariek osatu dute Espainiako txapelketa lortu duen RCT Barcelona taldeko laukotea. 32. aldiz irabazi du Bartzelonako taldeak txapelketa, eta aurten emakumeena ere irabazi du.
Challenger Mastersean izango da
Tenista hondarribiarrak 2015eko sasoi biribilari bukaera ezin hobea emango dio hilaren bukaeran. Challenger Tours Finals txapelketarako sailkatu da; tenisaren goren mailako Mastersaren antzeko txapelketa da, baina ATPko 70 postutik aurrera daudenentzat, batez ere Challenger motako torneoetan parte hartu duten tenistentzat. Lehiaketa horietan lortutako puntuengatik dago Cervantes final horretan.
Brasilgo Sao Paulo hirian jokatuko da txapelketa hori, hilaren 23tik 29ra. Zortzi jokalari arituko dira bertan: Iñigo Cervantes, Paolo Lorenzi, Farrukh Gustov, Radu Albot, Marco Cecchinato, Guido Pella, Daniel Muñoz, eta gonbidatu behar duten tenista bat,
wildcard bidez.