Begoña Bilbaok zuzenduta, Jose Ramon Soroiz eta Iker Galartza dira protagonistak. Txalo etxearen ekoizpena da Erdibana.
Galartza eta Soroiz, antzezpen bateko une batean
Jose Ramon Soroiz eta Iker Galartza aktoreak izango ditu protagonista larunbat arratsean Itsas Etxea Auditoriumean taularatuko duten
Erdibana antzezlanak. Jatorriz, Jordi Sanchez eta Pep Anton idazle katalanek idatzitako testua da,
Txalo ekoizpen etxeak egokitu, eta Begoña Bilbaoren zuzendaritza duena. Umorezko obra da
Erdibana, umore beltzez zipriztindutako komedia.
Larunbatean, 20:00etan hasiko da emanaldia eta dagoeneko sarrerak eros daitezke Arma Plaza Interpretazioa Zentroan, 6 euroan. Emanaldiaren egunean ere izango da sarrerak erosteko aukera, lehiatilan, 18:00etatik aurrera.
Bi anaien bultzadatxoa amari
Enbolia eta gripeak jota azkenetan den ama eta haren bi semeak dira antzezlanaren muina. 50 urte inguru dauzka seme nagusiak. Enpresa hondoa jotzeko arriskuan dauka, eta erretiroa hartzeko garaia gero eta urrutiago ikusten du. 42 urtekoa da gazteena, eta hark zaintzen du ama, bainatu, orraztu… eta ia akabatu. Banku libreta asko daude, baina diru gutxi aurreztuta, eta etxea hainbat arinen saldu behar da.
Testuinguru horretan, amaigabeko gau batean ezkutuan gordetako sekretuak azaleratzen hasten dira. “Juan, uste dut ama ez dudala maite”, esaten dio Carlosek anaiari. “Ba, aizu, sendatzen bada…”, erantzuten dio Juanek. Eta ez dutenez ama sendatzerik nahi, hari laguntzeko moduak pentsatzen hasten dira anaiak, amari bultzadatxo bat emateko.