Txingudi Bertso Eskolak bost talde osatzea lortu du ikasturte berrian, horietako hiru bapatekoak. Irunabarrek kudeatzen du eta egoitza Irungo Junkal kalean du, Bidasoa Biziriken lokalean
Irunabarreko kideak eta euskara zinegotziak, aurkezpenean
Txikitik handira pasatu da urte gutxitan Txingudi Bertso Eskola. Dagoeneko berrogeita hamarretik gora ikasle biltzen dira astero, bost taldetan banatuta. Joan den astean egin zuten ikasturte berriaren aurkezpena Bidasoa-Bizirikek Irungo Junkal kalean duen egoitzan, bertan kokatzen baita azken urteetan Txingudi Bertso Eskola. Aurkezpenean, Hondarribia, Irun eta Hendaiako udaletako ordezkariak izan ziren, Irunabar Bertso Eskolako kideekin batera.
Irunabar Irungo Bertsoaren Bilguneak kudeatzen du Txingudi Bertso Eskola, badiako hiru herrietako bertso zaleak biltzen dituena. Irunabarrekoak dira hiru irakasleak, Egoitz Zelaia hendaiarra eta Abel Zabala eta Aitor Errazkin irundarrak. Lokala, aldiz, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak jartzen du, eta programa diruz laguntzen du. “Lehen [Bidasoaldeko] EKT bezalako elkarteetan aritzen ginen. Partzuergoak txoko bat eman zigun, eta beste seriotasun bat du honek”, eskertu zuen Zelaiak.
Michelle Mounios Hendaiako Herriko Etxeko ordezkaria frantsesez mintzatu zen prentsaurrean, baina bertso eskolak euskararen erabilpena sustatzeko duen garrantzia nabarmendu zuen: “Txingudin hiru herri gara, hiru hizkuntza, baina euskara komuna da hiru herrietan. Oso inportantea da euskararen alde egiteko bertso eskola bezalako egitasmoak bultzatzea”.
Bapateko hiru talde
Dagoeneko ikasturtea hasi da, baina izena emateko aukera bada
Irunabarren helbide elektronikora idatzita. Aurten lehen aldiz bost talde osatu dituztelako pozik azaldu zen aurkezpenean Zelaia: “Pixkanaka-pixkanaka hazitzen goaz”. Bost talde horietako hiru bapatekoak dira, hasiberriak, hasieratik daudenak eta maila ertaina dutenak. Beste talde bat haur eta gazteena da, 16 urte artekoa. Eta azkenik, bapatean trebatu nahi ez duten helduentzat beste tailer bat osatu dute, “bertsoaren inguruko guztia lantzeko, bertso idatziak, eta bestelakoak”.
Informazio gehiago behar duenak,
Irunabarren blogean aurki dezake.