Jose Manuel Susperregik Diaz Bueno eskultorearen obraren gaineko hitzaldia emango du gaur Arma Plaza Interpretazio Zentroan, 19:00etan. Eta larunbatean, eskulturak bisitatzeko txangoa gidatuko du Susperregik berak.
San Juan de Dios eskultura zaharberritzen ari dira
Urria erdialdean Jose Diaz Bueno artista madrildarraren bi eskultura berritzen hasi zen Hondarribiko Udala. Horietako bat San Juan de Dios (São João de Deus) santu portugaldarrari eskainitako monumentua da, Puntaleko sarreran dagoena. 1947 urtean eraiki zuten, Pedro Muguruza arkitektuak diseinatutako zortzi aldeko oinarriaren gainean.
Santu izan aurretik, João Cidade Duarte izeneko erizain portugaldarra zen San Juan de Dios, kristautasunera konbertitu eta gero ospitalarioen ordenua sortu zuena. Hondarribian konbertitu omen zen kristautasunera, 1521 urtean Carlos V.aren alde borrokatzen ari zela zauritu zutenean. Behintzat, hala azaltzen da garaiko kroniketan idatzita —
Wikipediak beste modu batean jasotzen du Hondarribian gertatutakoa—. Lurrean zauritua zegoela artzain arropekin jantzita zihoan ama birjina hurbildu zitzaion erizainari eta eskua luzatu zion laguntzeko. Esperientzia haren ondoren, besteei laguntzea erabaki zuen portugaldarrak eta San Juan de Dios Ordenu Ospitalarioa sortu zuen, egun mundu osora zabalduta dagoena.
Lau mende geroago monumentua eraiki zioten lekuan bertan zauritu omen zuten João erizaina. Hasiera batean 1945eko jaietan inauguratzeko egin nahi zuten monumentua —inaugurazio guztiak jaietan egiten ziren garai hartan—, baina arazo teknikoengatik proiektua asko atzeratu zen. Azkenean, 1947ko apirilaren 12an inauguratu zuten eskultura, Donostian egiten ari ziren Zientzien garapenerako Espainia eta Portugalgo Biltzarrarekin bat eginez. Inaugurazio handia izan zen (
ikusi argazkiak), biltzarrean parte hartzen ari ziren 250 pertsona gonbidatu baitzituzten, eta han ziren Gipuzkoako agintari politiko eta erlijioso garrantzitsuenak ere.
Alkateari eskaera
Jose Diaz Bueno artistaren monumentua berritzeko lanak hasi zirenean, Xabier Castrillon hondarribiarrak gutuna idatzi zion alkateari, San Juan de Diosen monumentuak faxismoarekin lotura zuzena duelako. HITZAk jakin izan duenez, monumentua kentzeko eta bere ordez beste zerbait jartzeko eskatzen dio Castrillonek udalari: “Nire ustez, Estatu espainolak eta frantsesak gu bereganatzeko jarritako etengabeko prozesuak aurrera jarraitzen du eta gure iragana ahazteko gertatutakoa ezkutatzen digute. Horregatik pentsatzen dut, hondarrabiar guztiek jakin behar dutela monumentu honen sorrera eta transmititzen duen mezua”.
San Juan de Dios eskultura, jatorrizko oinarriarekin
Alkateari zuzendutako idatzian azaltzen duenez, San Juan de Dios monumentuaren inaugurazioan, besteak beste, Portugalgo enbaxadore faxista, Ortega koronela Espainiako Armada faxistaren ordezkaria, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari nagusia, eta Santa Agedako Psikiatrikoko —ospitalarioena da— zuzendaria izan ziren. Garaiko kroniken arabera, eta horrelako ekitaldietan ohikoa zenez, “Espainiako banderen josita azaldu zen Hondarribia”, baita Portugalgoez ere. Hala, monumentua inauguratu ondoren, Espainia zein Portugalgo ereserkiak entzun ziren.
San Juan de Diosi eskainitako eskulturak esanahi erlijiosoa du, baina Castrillonek uste du monumentua eraikitzeko erabakiaren atzean helburu politikoa zegoela, eta Francisco Sagarzazu alkatearen diskurtsoa jartzen du frogatzat. “Egungo garaitan, munduaren zati handi bat urduritasunean eta miserian murgilduta dagoenean, Espainiaren beraren mugaldean monumentu honen sorkuntza, Europari begira, iberiar lurra zeharkatu eta Espainia eta Portugal elkartzen dituen arku argitsu baten abiapuntuaren ikurra da, eta arku horren azpiko herri anaietan bakea eta lana besterik ez dago”.
Jose Diaz Bueno madrildarrak lan asko egin zituen Hondarribiko Udalarentzat, garai hartako eskultura gehienak. Bere obrari buruz gehiago jakin nahi duenak bi aukera izango ditu aste honetan. Gaur, osteguna, Jose Manuel Susperregik
hitzaldia emango du Arma Plaza Interpretazio Zentroan. Eta larunbatean, Diaz Buenoren
eskulturak bisitatzeko txangoa gidatuko du Susperregik berak.