Piraguista, Santiagotarrak arraun elkarteko presidentea, eta atsedenaldian korrikalaria. Olatz Zabala irundarrak II. Beñat Elzo Mendi Lasterketa irabazi zuen igandean, eta Behobiako promesen txapela jantzi nahi du.

Olatz Zabala, Santiagotarrak elkarteko inslalazioetan
23 urte baino ez dituen arren, Euskal Herriko kirol elkarte handienetako baten presidentea da,
Santiagotarrak klubekoa. Piraguista, ur lasaietan aritzen da, distantzia luzean, maratoian. Horregatik, lehiaketarik ez dutenean korrika egiten du, entrenamendua osatzeko, eta gustatzen zaiolako. Joan den igandean II. Beñat Elzo Mendi Lasterketa irabazi zuen “ezustean” —hala dio berak—, eta hurrengoan,
Behobiako promesen mailako txapela jantzi nahi du.
Pozik igandean egindako lanarekin?
Oso pozik. Ez nuen espero. Oso karrera polita izan zen. Ibilbidea ezagutzen dut, Talaia bideko lasterketa egin izan dudalako. Iaz ezin izan nuen lehen ekitaldian parte hartu eta aurten izan da lehen aldia niretzat, eta asko gustatu izan zait.
Errepikatzeko moduan?
Bai, bai. Oso polita da, eta gainera helburu solidarioa du. Dudarik gabe.
Orain Behobia duzu buruan.
Bai.
Zer moduz prestatu duzu?
[Pentsakor] Beti entrenatzen dudana piragua da, eta korrika oso gutxitan entrenatzen dut, baina azken hilabetean atseden egin dugu, ez dagoelako txapelketarik. Orduan, bi hilabetetan dauden lasterketa guztietan eman dut izena, egutegia hartu eta denetan apuntatu naiz. Irungo gauekoa egin nuen, Donostiako 15 kilometrokoa, orain Beñat Elzo, Behobia… eta Donostiako maratoia egin nahi dut.
Ez da oso ohikoa piraguista bat hain ondo ibiltzea lasterka.
Piraguismoan maratoia egiten dut. Orain arte 21 kilometroko distantzia, eta aurten maila absolutuan hasiko naizenez, 25 kilometro izango dira. Niretzat osagarriak dira biak, piragua eta korrika egitea. Gainera, korrika egin ezean kilometro asko lirateke piraguan.
Asko gustatzen zait korrika egitea, nire aitak egiten zuen, Behobia askotan egin du berak eta nik txikitatik bizi izan dut hori. Horregatik oso berezia da Behobia niretzat.
Zenbat aldiz atera zara?
Hirugarrena izango da aurten.

Zabala, Beñat Elzo lasterketa irabazita
Zu bakarrik, edo norbaitekin egiten duzu?
Beti bakarrik joatea gustatzen zait. Klubekoek lasterketa batean izena ematen dugunean esan ohi dugu, ‘benga, goazen guztiak elkarrekin’, baina niri bakarrik joatea gustatzen zait, nire erritmora, gehiago disfrutatzen dut horrela.
Iaz bigarren geratu zinen promesa mailan.
Bai, hori da, segundo bategatik [burua jaitsi du]. Eta aurreko urtean hirugarren.
Aurten ere promesa izango zara?
Bai, uste dut 23z azpikoak direla promesak, azken urtea izango dut. Ea aurten irabazten dudan.
Zer da bilatzen duzuna, denbora, postua…?
Erlojurik gabe korrika egitea gustuko dut, beti sentsazioak bilatzen. Baina aurreko bi urteetan ordu eta 29 minutu, eta 1:30 egin nuen, eta aurten, azken lasterketetan, nire denborak hobetu egin ditut. Horregatik hobeto egitea pentsatzen dut, 1:26, 1:27, bi minutu behintzat bai nahiko nuke hobetu.
Piraguarekin askotan ibili izan zara kanpoan, txapelketa handietan ere. Tokatu al zaizu inoiz Behobia bezalako probaren bat, hain jendetsua, hainbesteko publikoarekin?
Ez dakit. Irailean Hungriako Munduko Txapelketan izan nintzen, eta Hungrian piragua bizitzen dute hemen futbola bizitzen den bezala. Ikusgarria zen, oso-oso polita, jende asko. Baina Behobia oso berezia da, jende asko dagoelako baina baita kanpotik jende asko etortzen delako ere. Beste txapelketek ez duten izaera berezi hori du Behobiak.
Zertan disfrutatzen duzu gehiago, korrika egiten edo piraguan?
Desberdin. Piraguan hamalau urte daramat entrenatzen eta lehiaketetan, eta korrika egitea zerbait berria da niretzat. Piraguismoan asko disfrutatzen dut, baina Behobian sentitzen dena ezin da ezerekin konparatu. Ezin da azaldu.
Eta, entrenamenduan izerdi egiten edo klubeko bulegoetan?
[Azkar erantzun du, barrez] Nahiago dut izerditu. Hemen ere ordu asko sartu behar dira, bilerak… lan handia dago.
Denbora bat pasatu da presidente izendatu zintuztenetik.
Bai, urte eta erdi zuzendaritza talde berriarekin, oso kontent gaude, hasieran aurkeztu genituen proiektu guztiak gauzatzen gabiltza. Horrela jarraitu nahiko genuke.
Ezagutzen ez duenarentzat, oso klub handia da Santiagotarrak.
Bai, 600 bazkide ditugu orain, eta lau atal, arrauna, ur biziak, ur lasaiak, eta aisialdia.
Kirol emaitzei dagokionez, Euskal Herriko arraun elkarte onena da, eta Espainiako Estatuan ez daude asko emaitza hobeak dituztenak.
Bai, beti gabiltza hor, estatuko bigarrenak edo hirugarrenak. Eta gurekin borrokan hiriburu handietako klubak izaten dira. Oso zaila da, beste lekuetan aukera hobeak dituztelako. Esaterako, Galizian, Asturiasen… diru laguntzak askoz handiagoak dira, baldintza hobeak, materiala… Hor gabiltza, ez gaude gaizki, baina beraiekin egotea zaila da. Ateak jo eta jo ari gara, beste modurik ez dago. Baditugu babesle batzuk, beti gurekin daudenak, hori oso eskertzekoa da. Hori da gure lanik handiena, ate joka ibiltzea.