Mikel Albeniz donostiarrak eta Olatz Zabala irundarrak irabazi dute II. Beñat Elzo Mendi Lasterketa. Hiru probak elkartuta, 1.400 dortsal saldu ziren.

II. Beñat Elzo Mendi Lasterketako gizonen podioa
Mikel Albeniz donostiarrak eta Olatz Zabala irundarrak irabazi dute II Beñat Elzo Mendi Lasterketa. Igandean egin zen Hondarribian, 10.750 metroko ibilbidearekin. Orotara, 320 lagunek eman zuten izena, iaz baino gutxiago, baina kontuan izan behar da aurten mendi ibilaldia egin dela lehen aldiz, eta jende askok nahiago izan zuela ibilbidea oinez egin. Hori bai, hiru probak batuta, 1.400 dortsal saldu zituen antolakuntzak, iaz baino 400 gehiago. Bildutako dirua Jara Tome irundarrak duen
SHUA gaixotasun arraroa ikertzeko bideratuko da.
Albenizek bigarrenez irabazi du gizonen proba, 40:09ko denborarekin. Bigarren eta lehen hondarribiarra Gonzalo Carrion arraunlaria iritsi zen helmugara. Minutu eta ia erdi gehiago behar izan zituen Carrionek ibilbidea osatzeko (41:33), baina erorikoa izan zuen, eta ezbehar gabe ziur gertuago egongo zela. Iazko hirugarren postua hobetu du hondarribiarrak, baina penatuta helmugaratu zen, Elzo lagunari garaipena eskaini ezinda.
Javier Urbano irundarra iritsi zen hirugarren tokian (42:14), Iñigo Tumas bigarren hondarribiarraren aurretik.

Olatz Zabala, txapela jantzita
Eta nesketan, Olatz Zabala irundar piraguista gaztea —Santiagotarrak Arraun Elkarteko presidentea da— igo zen podioko goiko koskara, 51:15eko denbora egin eta gero. Ana Cruz antxotarra (52:09) sartu zen ondoren, eta hirugarren beste irundar bat helmugaratu zen, Monika Telletxea (52:52).
Sailkapena
Martxa, estreinakoz
Mendi lasterketaren ondoren familien proba egin zen, 1,5 kilometrokoa. Sekulako giroa bizitu zen familien lasterketan, 700 korrikalari bildu zituelarik.
Bigarren aldiko berrikuntza nagusia mendi martxa izan zen, mendi lasterketaren aurretik ibilbide bera jarraituz egin zena. Eguraldia lagun, 350 lagunek burutu zuten Beñat Elzoren omeneko lehen mendi martxa.