Bihar, asteazkena, iritsiko da Emakumeen Mundu Martxa. Emeki Elkarteak eta Hondarribiko Gazte Asanbladak ekitaldiak antolatu dituzte.
‘Geure gorputzak, geure lurraldeak. Martxan jarraituko dugu denak aske izan arte’ da aurtengo leloa
Kurdistanen hasi zen martxoan
Emakumeen Mundu Martxa eta Coimbran (Portugal) bukatuko da urriaren 17an. Egunotan Euskal Herria zeharkatzen ari da eta bihar, asteazkenez, Hondarribira iritsiko da. Emeki Elkarteak eta Hondarribiko Gazte Asanbladak (HGA) harrera beroa egingo diote. Hendaiatik iritsiko da karabana, 16:30ean gutxi gorabehera.
Santiago zubian harrera egingo zaio eta Hondarribirako norabidea hartuko du. Mendelutik sartuko da herrian eta honako ibilbidea egingo du: Mendelu, Amute, Kosta, Santa Grazia, Harresilanda, Soroeta, Sokoa, Foru kalea, Itsasargi, Zuloaga, Sabin Arana eta Molla etorbidea.
Puntaleko eskola zaharrean —Emekik eta HGAk egoitza dute bertan—, hazien entrega burutuko dute, eta Emakumen Mundu Martxaren liburua sinatuko dute.
1995an lehen aldiz
Emakumeen Mundu Martxa ekimenak 1995ean du jatorria. Quebeceko emakume mugimenduak martxa bat egin zuen, Ogiaren eta Larrosen Martxa, eta 15.000 pertsonek parte hartu zuten. Martxak eragin handia izan zuen nazioartean eta hori dela eta, 2000. urtean martxa modu zabalean deitzea erabaki zuten. Martxaren helburua, mundu mailan demokrazia, itxaropena, berdintasuna eta bakea aldarrikatzea zen.
Aurtengo martxaren gai nagusia elikadura burujabetza da. Hori horrela, abuztuaren 31an HGAk eta Emekik Hondarribiko emakume baserritarrak omendu zituzten, Emakumeen Mundu Martxaren gaiari lotuta egon zen Gazte Egunean.