Azken asteetan telefonoari itsatsita bizi da Iñaki Estevez Men of Rock musika elkarteko zuzendaria. Hamabi taldek joko dute jaialdian, horietako seik larunbat gauean Ficoba erakustazokan.
Inaki Estevez, Men of Rock Musika Elkarteko zuzendaria
Seigarren ekitaldia. Orain sei urte sinistuko al zenuen seigarrena iritsiko zela?
Egia da, seigarrena… Ideia hori zen, edo ametsa deitu, Bidasoaldean horrelako jaialdi bat antolatu, hemen rock eszena oso gutxi mugitzen zela kontuan izanik, ametsa zen hori.
Jaialdia iritsi da, baina aurretik banden lehiaketa bat egin da, aurkezpen kontzertua martxoan… Zer suposatzen du hau guztia antolatzeak?
Ba lan pila bat, gutxi gorabehera bederatzi hilabeteko lana. Batetik promozio lana dago, eta bestetik antolakuntza, jende pila bat laguntzen eta ideia on asko hau guztia aurrera eraman ahal izateko. Lan handia da, bai.
Zer moduz doa sarreren salmenta?
Ficobako 3. pabilioian dira kontzertuak. 1.500 pertsonara mugatu dugu, eta iaz baino modu bereziagoan antolatu dugu: terrazak, aisirako guneak, erretzeko eremua… jendea erosoago egotea nahi izan dugu.
Oso pozik gaude, garai honetarako iaz saldu genituen sarreren bikoitza saldu baititugu orain arte. Jende asko joango da, ea betetzeko gai garen. Momentuz ondo doa, baina azken txanpa falta da. Interneten badira sarrerak, eta lehiatilan ere izango dira, larunbatean.
Aurkezpenik behar ez duten taldeak lortu dituzue aurten. Zuk, zer nabarmenduko zenuke karteletik?
Siniestro Total, Nacho Vegas, edo El Columpio Asesino bezalako bandak ekartzea… Baina hori baino gehiago, estilo aniztasuna nabarmenduko nuke, oso zaila baita horrelako bandak Gipuzkoan zuzenean entzutea, Euskal Herrian. Eta prezioz ere oso ondo dago, horrelako mailako sei bandentzako oso prezio ona baita. Eta kalean diren kontzertuak ez nituzke ahaztu nahi, dohainik direnak.
Kontzertu nagusiak Ficoban dira, baina ez zarete San Juan plazaren inguruaz ahaztu.
Hiriaren erdigunean dago, oso ondo komunikatua, eta aukera asko eskaintzen ditu. Zer esanik ez, ostalaritzak bat egin du jaialdiarekin, eta horrek asko laguntzen du. Ostalaritzarik gabe, ezingo lirateke San Juan plazan kontzerturik antolatu.
Aurtengo berrikuntzetako bat Pintxo Rock ekimena da, San Juan plaza inguruko tabernen parte hartzearekin. Nondik nora sortu zen ideia, eta zein izan da tabernen erantzuna?
Izena nik bota nuen, Pintxo Rock; bai, badakit ez nintzela asko nekatu pentsatzen! Tabernei dagokienez, zer nahi duzu esatea, hasieratik babestu dute jaialdia, lehen urtetik. Pintxo bakoitzari talde baten izena jartzea proposatu zutenean, oso ideia ona iruditu zitzaidan, oso orijinala.
Bukatzeko, zein titular ikusi nahiko zenuke astelehenean komunikabideetan?
Ba ondo legoke ‘Jaialdi bikaina’ edo horrelako zerbait irakurtzea. Edo beste hau, ‘Irun Rockek erabateko batasuna lortu du taldeen eta zaleen artean’; hau gustatzen zait, zenbakiez hitz egiten dutenak baino gehiago gustatzen zaizkit horrelakoak.
Ficobako taldeen ordutegia
- 19:00. Bullet Proof Lovers
- 20:15. Guadalupe Plata
- 21:45. Nacho Vegas
- 23:30. Siniestro Total
- 01:30. La M.O.D.A.
- 03:00. El Columpio Asesino