27 urte Hondarribia Arraun Elkartean eman eta gero, Isuntza klubeko elastiko zuria jantziko du Osertz Aldaik heldu den denboraldian.
Osertz Alday, Manex anaiarekin
27 urte Hondarribia Arraun Elkartean eman eta gero,
Isuntza klubeko elastiko zuria jantziko du Osertz Aldai hondarribiarrak heldu den denboraldian. Entrenatzaile postuan ariko da, baina baita arraunean ere. Alday anaietako zaharrenak badaki zer den Lekittarran bogatzea, 1995ean eta 1996an hilabete batzuez aritu baitzen; Hondarribiko bigarren ontziko denboraldia abuztuan amaitzen zen, eta denboraldia luzatze aldera, Lekeitioko taldean arraun egin zuen Osertz Aldayk bi urte haietan, Eñaut Labaien taldekidearekin batera.
Aurten KAE1 Ligan lehiatu da Lekittarra, eta sailkapeneko bosgarren postuan geratu da. Hondarribiarrak esan duenez “ilusio handia dago traineruarekin, eta ehuneko ehuna emateko noa bertara”. Orain arte entrenatzaile bezala jardun duen Josu Aboitizek klubean jarraituko du, eta Aldayren arabera, “hori da fitxaketa garrantzitsuena”.
Oraindik goiz da hurrengo denboraldian Isuntzak izango duen taldeaz hitz egiteko, baina Iñaki Goikoetxea patroiak beste urtebetez jarraituko duela nabarmendu du entrenatzaile berriak. Hain zuzen ere, Aboitizekin eta Goikoetxearekin batera aritu zen Alday duela hogei urte Isuntzan egon zenean.
Sasoiko dagoen beteranoa
Azaroan 39 urte beteko ditu Osertz Alday arraunlariak. 27 urte eman ditu bere herriko arraun elkartean, eta azken urteetan finkoetakoa izan da lehen ontzian, estriborreko hankekoa postuetan. Aurtengo denboraldian hasierako estropada gehienetan ere Ama Guadalupekoa traineruan ibili da, baina Kontxako estropada kanpotik ikusi behar izan du.
Luzea egin zaio denboraldia Aldayri, eta ez da harritzekoa. Izan ere, martxoa bukaeran Iron Man proba batean lehiatu zen Hego Afrikan eta neguan prestaketa gogorra egin behar izan zuen. HITZAri baieztatu dionez, aurten ez du beste Iron Man probarik egingo, Lekeition izango duen erronka berrian bere indar guztiak jartzeko.