16 urtetik gorakoek har dezakete parte Hondarribiko 1. Kronoigoera xelebrean.
Igoera pikoa da Arma Plazarainokoa
Aldapa motza baina pikoa, Mikel Landa edo Purito Rodriguez bezalakoentzat egokia. Irabazleak bigarrenari ez dizkio minutuak aterako, baina batek baino gehiagok laguntza beharko du helmugara iristeko. Halakoa da hilaren 20an Hondarribian egingo duten txirrindularitza proba xelebrea, Hondarribiko 1. Kronoigoera. 100 metro eskaseko malda, Damarriko pasarela eta Arma Plaza lotuko dituena. Mundiala.
Igandean izango da, 12:30etik aurrera. Ordu eta erdi lehenago irekiko dute izena emateko aukera, 11:00etan. 16 urtetik gorakoek har dezakete parte eta antolatzaileek aurreratu dute sari asko izango direla. Eguraldiak laguntzen badu, Alpe d’Huezeko bazterren bezala zalez gainezka jarriko dira Kale Nagusiko espaloiak igande eguerdian. Hori bai, bezperatik autokarabanaz joatea galeraziko dute.