Bereziki, bizikletaren erabilpena sustatu nahi dute, eta hainbat jarduera antolatu dituzte xede horrekin.
Bizikletarekin egingo dute ginkana
Europako Mugikortasun Astearekin bat egingo du Hondarribiko Udalak hilaren 16tik 22ra. Ekimen horrekin, “Hondarribia gero eta iraunkorrago izan dadin lortzeko aurrerapausoak” eman nahi dituzte. Bereziki, bizikletaren erabilpena sustatu nahi dute, eta hainbat jarduera antolatu dituzte xede horrekin.
“Aurreko urteetan arrakasta izan duten zenbait jarduera errepikatuko dira aurten ere, eta parte hartzea sustatzeko eta profil ezberdinetako herritarrengana iristeko jarduera berritzaileak ere proposatuko dira”, azaldu du udalak. Hala, marrazki eta argazki lehiaketa antolatu dute aurten ere. Aurreko urteetan bezala, saria ez da huskeria izango, bizikleta bana, maila bakoitzean.
Berrikuntza, haur eta gazteentzako ginkana izango da, hilaren 18an Alde Zaharrean egingo dutena. Udala eta ikastetxeak ari dira prestatzen, eta bizikletari ezin lotuago egongo da: “Herrian zehar egingo da eta bertan helburua bizikleta batzuen piezak bilatu, muntatu eta beraiekin abilezia zirkuitu bat egitea izango da”. Ondo pasatzeaz gain, gazteek bizikletaren ezagutza zabaldu eta segurtasunerako atalen garrantzia ezagutu dezaten bilatuko du ginkanak. Ostiral arratsaldean egingo dute, bi orduz.