Bi proben faltan 35 puntuko aldea du Vilariño hondarribiarrak asteburuan bigarren postura igo den Nicolo Rocca italiarrarekiko.
Vilariño, podiumean
Ander Vilariño pilotu hondarribiarrak EuroNascar txapelketako lidergoa sendotu du eta urriko lehen igandean hirugarrenez jantzi dezake eraztuna. Bi proben faltan 35 puntuko aldea du
Vilariñok bigarren postura igo den Nicolo Rocca italiarrarekiko.
Asteburuan Magionen (Italia) jokatu dituzte txapelketako bederatzigarren eta hamargarren probak; larunbatean bigarren sailkatu zen hondarribiarra, Alon Day israeldarraren atzetik, eta atzo, bosgarren, Roccak irabazitako karreran. Ostiraleko lehen entrenamendu saioen ondoren motorra aldatu behar izan zuen Vilariñok, eta ezin izan zuen bigarren saioan parte hartu. Bistan denez, TFT taldeko tailerrean lan ona egin zuten arazo mekanikoak gainditzeko.
Bigarrenarekiko duen tartea sei puntutan handitu du Vilariñok, eta bi lasterketa baino ez dira geratzen denboraldia ixteko. Nicolo Rocca italiarra da orain bere aurkari nagusia, Italian lasterketa bat irabazi eta bestean hirugarren geratu ondoren. Kontuan izan behar da, Rocca eta Dayren zirkuitu ofiziala dela Magionekoa —taldekideak dira—, eta bertan egiten dituztela ibilgailuen prestakuntza eta entrenamenduak.
Azken biak, Zolderren
Gauzak horrela, 508 puntu pilatuta, EuroNascar txapelketako lider sendo da Vilariño. Rocca italiarrak 473 puntu ditu, Romain Ianetta frantziarrak 456, Anthony Kumpen belgikarrak 454 eta Frederic Gabillon frantziarrak 449 puntu. Matematikoki bostek dituzte aukerak txapelketa irabazteko, baina oso zaila litzateke Vilariño edo Rocca ez den beste pilotu batek irabaztea aurtengo EuroNascarra.
Urriaren 3an eta 4an egingo dituzte azken bi karrerak, Zolder herriko zirkuituan (Belgika). Joan den asteburukoak bezala, puntuazio bikoitzeko probak izango dira. Roccak bi lasterketak irabazita ere, hondarribiarrak nahiko luke laugarren eta bosgarren geratzearekin, txapelketa irabazteko.