Lehen ekitaldian, Donostiako Kresala, Zumarragako Irrintzi eta Tolosako Udaberri taldeak saritu dituzte, "jaiaren mamia aldatu gabe eta erakundeen laguntzaz", jaietan emakumeen parte hartzea lortu dutelako.
Sarituak, epaimahaiko kideekin eta antolatzaileekin
Hondarribia, Berdintasunaren Hiria saria banatu zuten atzo lehen aldiz Kultur Etxean. Jaizkibel konpainiak antolatutako saria da, eta jaietan emakumeen parte hartzea sustatu duten pertsona edo taldeak aintzat hartzea du helburu. Lehen ekitaldian, Donostiako Kresala, Zumarragako Irrintzi eta Tolosako Udaberri taldeak saritu dituzte. Hiru taldeek Jaizkibel konpainiaren zapi bana jaso zuten.
Epaimahaiko kide izan den Garbiñe Biurrun epaileak sari banaketan jakinarazi zuenez, “jaiaren mamia aldatu gabe eta erakundeen laguntzaz, emakumeen parte hartzea lortu duten taldeen izenean” saritu dituzte Udaberri, Irrintzi eta Kresala. Biurrunekin batera, Maialen Lujanbio bertsolaria, Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohia, Xabier Lapitz kazetaria eta Nieves Alza, Hondarribia Saskibaloia klubeko presidente izandakoak osatu dute Hondarribia, Berdintasunaren Hiria sariko lehen ekitaldiko epaimahaia.
Jaizkibel konpainiaren bigarren entseguaren atsedenaldian egin zuten sari banaketa, Kultur Etxeko areto nagusian. Bertan, saritutako taldeetako ordezkariak eta haien herrietako gobernuetako kideak izan ziren. Haien ondoan, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Denis Itxaso Kultura, Turismo, Gaztedi eta Kirol eta Lankidetzako diputatu eta Hondarribiko Abotsanitz eta Eh Bilduko zinegotziak.