Hondarribian egiten den arte garaikideaz gozatzeko aukera paregabea da, jaietarako plan alternatibo bikaina.
Gaur goizean aritu dira erakusketa muntatzen
9 x 9, Hondarribiko margolariak izeneko erakusketa zabalduko du bihar, ostirala, Javier Sagarzazuk Gipuzkoa plazan duen Arkupe arte aretoak. Arratsaldean egingo dute inaugurazioa, artistak bertan direla, eta hilaren 15era arte bisitatzeko aukera dago. Hortik aurrera, Sagarzazuren beraren lanek beteko dituzte Arkupeko hormak.
Bederatzi horma ditu Arkupe galeriak, beretzat bat hartu eta gainontzeko zortziak beste hainbeste artisten artean banatu ditu Sagarzazuk, bakoitzak bi artelan eskegi ditzan, bat handia, eta beste bat tamaina txikikoa. Bederatzi artista, margolariak denak, hondarribiarrak. Batzuk gazteak, beste batzuk ez hainbeste, denak eskarmentu handikoak.
Herrian egiten den arte garaikideaz gozatzeko aukera paregabea da, jaietarako plan alternatibo bikaina. Izan ere, Hondarribiak gabezia hori du, artistak soberan, baina erakusteko leku publiko egokirik ez da oraindik herrian. Horregatik, eta artisten nahiz lanen mailagatik, galdu ezinezko erakusketa da
9 x 9, Hondarribiko margolariak.
9 x 9, Hondarribiko margolariak
- Aiert Alonso
- Judas Arrieta
- Carmen Maura
- Eugenio Ortiz
- Santi Pelaez
- Javier Sagarzazu
- Txabi Sagarzazu
- Josu Urtizberea
- Susana Zaldibar