Elastikoak banatuko dizkiete gazteei, doan, eurek aukeratutako diseinuarekin. Hondarribian ondo pasa, baina ez pasa lelopean kanpaina abiatu dute aurten ere.
Kontsumo arduratsua bultzatzea aspalditik da udal arduradunen kezka Hondarribian. Helburu horrekin
Hondarribian ondo pasa baina ez pasa lemapean kanpaina abiatu dute hamaikagarrenez. Udako kanpaina prebentiboa da, eta eta Hondarribiko Drogamenpekotasunen Prebentzio Komunitarioko Udal Planaren barruan kokatzen da. “Udalak abian jartzen duen ekintza hau urte osoan zehar egindako lanaren jarraipena da udako ezaugarri zehatzei egokitua”, azaldu zuen kanpainaren aurkezpenean Gazteriako zinegotzi Arantxa Berrotaranek. Harekin batera izan zen zerbitzuko koordinatzaile Nerea Zuazua. Zehaztu zutenez, nerabeei ikasturte osoan zehar eskolan egindako lana gogorarazi nahi die kanpainak.
Zuazua eta Berrotaran, elastiko berriekin
12 eta 25 urte bitarteko gazteei elastikoak oparitzen dizkie udalak urtero, eta aurten kamisetek gazteek aukeratutako diseinua izango dutela nabarmendu dute udal arduradunek. “Kamiseta baliabide bat da”, gehitu zuen Berrotaranek, “kamisetaren zain dauden gazteei mezua gogoratzeko” sortutako baliabidea.
Elastikoak jasotzeko Prebentzio Komunitarioko Zerbitzura jo behar da, 09:00etatik 13:00etara. “Udalak kamiseta musutruk ematen die gazteei; baldintza bakarra nor bere kamisetaren bila joatea da”, gaineratu zuten. Gazteek zerbitzua non dagoen ikastea nahi dute eta bide batez, “erakundeetara hurbiltzeko duten lotsa” gainditzen lagundu.
Heldueei mezua
Hondarribian bizimodu osasuntsuak bultzatu ahal izateko komunitate osoak inplikatu behar duela sinetsita daude udal arduradunak, eta horregatik, aurten, jai egitarauan txertatu duten idatzia helduei zuzenduta dagoela nabarmendu zuten Berrotaranek eta Zuazuak: “Ez dugu ahaztu behar haurrek eta nerabeek helduei jarraituz ikasten dutela, beraz, kontsumoei dagokionez, helduen jarrerek arduratsuak izan behar dute gazteenek eredua jarrai dezaten”.
Ostalariei ere, laguntza eskatu die udalak. Eskutitz bat bidali diete guztiei, eta prebentzio alorrean duten indarra nabarmenduz, iniziatiban inplikatzeko eskatu diete.
Ai Laket!-ekin elkarlana
Drogamenpekotasunen prebentzioaren alorrean jardun duen elkartea da Ai Laket!. Berrotaranek eta Zuazuak aurreratu zutenez, larunbatean Benta Zaharrean izango dira aipatu elkarteko kideak, 23:30etik 03:00etara. Droga ilegalen kontsumoarekin lotutako jarduera bat aurrera eramango dute, droga erabiltzaileen arriskuak murriztu asmoz.