Gaur arratsaldean kendu diote eskumuturreko telematikoa ezker abertzaleko politikari historikoari Martutenen. Bihar kendu behar zioten, baina aurreratu egin dute, eta erabateko askatasuna lortuta itzuli da Hondarribira.
Elkoro, Hondarribiko etxean, askatasun agiria eskutan hartuta
Erabateko askatasuna eman diote gaur Jose Luis Elkoro bergararrari. Ezustean jaso du albistea Hondarribiko etxean, bihar kendu behar ziotelako orkatilean zeraman kontrol telematikoa. Ostegunero bezala, sinatzera joatekoa zen Martutenera, eta han eman behar zioten askatasun agiria. Gaur, ordea, telefono deia jaso du espetxetik, arratsaldean joateko eskatuz.
Arratsaldeko bostetan jaso du Elkorok askatasun agiria eta emaztearekin itzuli da Hondarribiko etxera. Albistea jaso bezain pronto hasi zaizkio senideak, lagunak eta alderdikideak deika. Bergarako alkatea haien artean. 80 urteko politikariak banan-bana, hunkituta atenditu ditu dei guztiak: “Lotuta neuzkan hegalak askatu dizkidate, eta hegan egiteko moduan daude, zortzi urte pasa eta gero”, esan du.
Onartu duenez, “egun alaia, oso alaia” da, baina amorratuta azaldu da, biharko espetxe kanpoan prestatuta zuten harrera ekitaldia zapuztu dutelako. “Hori antolatzen jendea ilusio handiarekin ibili da, eta horrelako antolaketa bat eginda, bazegoen itxaropena aberatsa izango zela, eta pena da”, erantsi du.
18/98 auzian zortzi urteko zigorra ezarri zioten Elkorori. Horietatik hiru Espainiako zenbait espetxetan igaro zituen, eta azken bost etxean izan da preso, gailu telematikoa orkatilan jarrita. Urteko zatirik handiena Bergaran egon da preso, baina uda garaia Hondarribiko etxean pasatzeko baimena izan du, ordutegi zorrotzarekin.
Mende erdiko borroka
1935ean jaio zen Jose Luis Elkoro, Elgetan. Frankismoaren ondoren Bergarako lehen alkatea izan zen eta Herri Batasunaren hastapenetan ibili zen.
Egin egunkariaren sorreran parte hartu zuen, eta administrazio kontseiluko presidente aukeratu zuten. Politikari bezala, hainbat kargu izan ditu: Madrilen diputatu 1989tik 1996ra, Gasteizen legebiltzarkide 1984tik 1990ra, eta bi aldiz batzarkide Gipuzkoan, 1983tik 1991era; tarte horretan Bergarako alkate bezala errepikatu zuen.
Atzera begira eginez, egindakoarekin gustura azaldu da Elkoro askatasuna lortu berritan: “50 urte daramat arlo sozial eta politikoan herriaren alde lanean. Herriari aportazioa egin diot, baina niretzat satisfakzio bat izan da, horrelako lan batean nire bizimoduko denborada luzeak eta gogorrak igarotzea, norberarentzako hala ere aberastasuna da.”