Hilaren 7an egingo dute jaietako Haurren Danborrada , eta ostiral eta larunbatez entseguak. Izena aurretik eman behar da, ostegun arratsaldean.
Hilaren 7ko Haurren Danborradan parte hartu nahi dutenek ostegunean eman beharko dute izena Amute-Kosta Auzo Elkarteko egoitzan. 18:00etatik 20:00etara egongo dira bertan antolatzaileak. Horren aurretik ere bada aukera izena emateko, Internetez
izen-emate orria betez.
Hondarribiko Haurren Danborrada behar bezala atera dadin, lan handia egiten du Amute-Kostako Auzo Elkarteak, udalaren laguntzaz, eta lan handia egiten dute parte hartzaileek ere. Aurten ere, bi egunez entseatu beharko dute, hilaren 4an eta 5ean, ostiral eta larunbata. Izena emateko orduan emango diete ordutegien eta arauen berri. Larunbateko entseguaren ondoren danborrik ez duten haurrei danborrak banatuko dizkiete, eta astelehenean itzuli beharko dituzte, danborradaren ostean.
Gurasoei danborradaren atzetik joateko eskatu diete
Haurrak Danborrada, ez gurasoena
Astelehenean 11:15ean abiatuko da Mendelutik Haurren Danborrada eta ohiko ibilbidea egingo du: 11:30ean Amuten geldialditxoa, 12:15ean gutxi gorabehera Kale Nagusitik sartu, eta 12:30erako Miramarrera iristen saiatuko dira.
Egun horretan biltzen den haur kopurua kontuan izanik, antolatzaileek hainbat eskaera egin dizkiete haien gurasoei. Besteak beste, ibilgailuak ondo aparkatzeko, argazkiak eta grabazioak egiterakoan danborradaren ibilbidea eta garapena ez oztopatzeko eta leku estuenetan danborradaren atzetik joateko, eta ez alboetatik, eskatu diete: “Gogorarazten dizuegu beraien eguna dela, eta ez zuena”, azaldu diete ohar bidez.
Bistan denez, Haurren Danborrada zaindu nahi du Amute-Kostako Auzo Elkarteak, haurrentzako egun ahaztezina izan dadin. Esaterako, udalbatzak harrera egiten dien unea bereziki txukuna izatea saiatu nahi dute: “Udaletxearen inguruan, alkate jaunak eta udalbatzak danborradari harrera egiterakoan, berriro eskatzen diegu gurasoei atzeko aldean egoteko, haurrak estali eta beraiei utziz protagonistak izaten”.