Larunbatean Bilbon hamabigarren bandera lortuta eta atzo Urdaibairen atzetik sailkatuta, San Miguel Liga bideratuta utzi du Ama Guadalupekoak.
Ioseba Amunarriz Bilboko Bandera astintzen, larunbatean
Larunbatean Bilbon ligako hamabigarren bandera lortuta eta atzo Urdaibairen atzetik sailkatuta,
San Miguel Liga bideratuta utzi du Ama Guadalupekoak. Geratzen diren bi estropadak amaitzea baino ez dute behar berdeek La Caixa trofeoan bigarren urtez jarraian Hondarribiaren izena zizelkatzeko.
Irailaren 19an Bermeon eta 20an Portugaleten, bi zita horietan Urdaibaik irabaziko balu, 201 puntura iritsiko litzateke. Bi estropadetan Hondarribia azken tokian geratuko balitz, hamar puntu pilatuko lituzke —azken bi probetan zortzi talde onenek soilik hartzen dute parte—, sailkapen orokorrean 205 puntu batuz. Baina batean azkena geratu eta bestean kanporatuko balute, horiek baino bost puntu gutxiago izango lituzke, 200 puntu, bizkaitarrek lor ditzaketenak baino bat gutxiago.
Hondarribiaren urtea izaten ari da
Ezinezkoa ez, baina ia ezinezkoa da hori, eta gauzak ondo Bermeon altxatuko du La Caixa trofeoa Hondarribiak, aurten aurkari nagusi izan denaren etxean. Seigarren postua behar du horretarako Hondarribia Arraun Elkarteak.
Ostegunetik, Kontxako estropada
Baina hiru aste luze geratzen dira San Miguel Ligako azken astebururako, eta tartean urteko bandera desiratuena izango da jokoan,
Kontxako estropada. Horregatik, besterik ez dute buruan gaurtik hondarribiarrek, ostegunean aurrera egitea.
Bermeo eta Oriorekin batera Donostian irabazteko faborito nagusia da Hondarribia, baina arraun elkarte guztien helburua da Kontxan lehiatzea eta denentzako lekurik ez da izaten. Ostegun arratsean jokatuko da Kontxako sailkapena eta zazpi lehenen artean sailkatu nahiko dute denek. Ia beti izaten da ezustekoren bat, itsasoa bare ez denean gehiago, eta ekaitza iragarrita dago. Ezustekoa egoten bada, beraz, ez dadila berde kolore argikoa izan.