Txomin Sagarzazuk, Juan Mari Altunak, Arantxa Berrotaranek, Maria Serranok eta Kalixa Silanesek osatuko dute Hondarribiko udal gobernua.
Alderdi guztietako ordezkariak, hilaren 13ko kargu hartzearen ondoren
Juan Mari Altuna eta Arantxa Berrotaran izango dira Txomin Sagarzazu alkatearen konfiantzazko pertsonak hurrengo lau urteetan. Altuna alkateordea izango da eta Berrotaran bigarren alkateordea, eta pisu handiko arloen ardura izango dute biek ala biek. Maria Serranok eta Kalixa Silanesek osatuko dute gobernuko boskotea.
Hilaren 19an egin zuten agintaldiko lehen plenoa, eta bertan zehaztu zuten Hondarribiko udal gobernua osatuko duten pertsonen zerrenda, eta haien lansariak, baita ordezkaritza duten
alderdiek talde bezala eta zinegotzi bakoitzeko jasoko dutena.
Sei egun lehenago makila jaso eta geroztik, Txomin Sagarzazu da Hondarribiko alkate berria. Baina alkate karguarekin batera, Sagarzazuk Hirigintza, Garapen Ekonomikoa eta Ondarea arloen ardura izango du, eta bere soldata 65.000 eurokoa izango da.
Aitor Kerejetaren bigarrenak, Juan Mari Altunak, Sagarzazurekin errepikatuko du. Alkateordea izateaz gain, ondo ezagutzen dituen ardurak izango ditu, aurreko agintaldiko berberak: Obra Ordezkaritza, Zerbitzuak, Ogasuna, Antolakuntza eta Udaltzaingoa. Soldata ere mantenduko du Altunak, 54.000 euro urteko.
Udaletxeko areto nagusian egiten diren bilkuretan Arantxa Berrotaran eseriko da Sagarzazuren ezkerrean. Bigarren alkateordea izango da Berrotaran, eta Maite Pelaezen ardura ziren Gizarte Zerbitzuen atala eta Sagarzazuk lantzen zituen Gazteria eta Euskara bere gain hartuko ditu. 40.000 euroko lansaria izango du Berrotaranek.
Hirugarren alkateordea Maria Serrano izango da. Udaleko zinegotzi gazteenak Merkataritza, Turismo eta Hiritarrekiko Harremanen ardura izango du eta urtero 27.000 euro jasoko ditu lan horiengatik. Gehienak ez zaizkio arrotzegiak irudituko, hauteskundeak bitarte Merkataritza eta Turismoko zinegotzi izandako Lupe Olaskoagaren alaba baita Serrano.
Kalixa Silanesek ere 27.000 euroko soldata izango du. Udalak azaldu duenez, Gregorio Berrotaranen ordezko bezala sartu zenetik jaso izan duen kopuru bera da hori. Baina bere ardurak aldatu dira, alkate berriak zinegotzi zenean zituen batzuk hartu dituelako. Aurrerantzean, Agenda 21, Nekazaritza, Ingurumena, Kultura, Kirolak eta Hezkuntza zinegotzia izango da Silanes.