Alde handia dago EAEko aldundiek onarturiko arauen eta PPk onarturiko tokiko administrazioaren legearen artean. Horrela, Leon, Ourenseko edo Marbella alkatearen soldata eduki dezake Txomin Sagarzazuk Hondarribian.
Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak 65.000 euroko lansaria jasoko du ekainaren 13an hasi zen agintaldiko urte bakoitzeko, Aitor Kerejetak azken lau urtean jaso zuena baino 5.000 euro inguru gutxiago —70.367 eurokoa zen Kerejetaren soldata—, baina PPk Madrilen onarturiko tokiko administrazioaren erreformak zehaztutakoa baino dezente gehiago. Aldiz, Euskadiko Udalen Elkarteak (Eudel) eginiko gomendioekin bat egiten du Hondarribiko udalbatzak onartutako soldata.
Sagarzazu, hiriko aginte makilarekin
Tokiko Administrazioa Arrazionalizatzeko eta Iraunarazteko Legearen arabera, 10.000 eta 20.000 biztanleen arteko herri edo hirietako alkateek ez lukete 50.000 euro baino gehiago kobratu behar. Hori horrela, Sagarzazuk jasoko duen soldata 75.000 eta 150.000 biztanle arteko hiri bateko alkatearen gehienezko lansaria litzateke, hau da, Marbella, Ourense edo Leongo alkateek gehienez kobratu dezaketenaren berdina.
Baina Eudelek ez du lege hori aintzat hartzen. “Erreforma horrek nabarmen ahultzen du toki autonomia, hau da: toki entitateek duten egiazko eskubide eta ahalmena gai publiko ugari antolatu eta kudeatzeko” diote Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako aldundiek onartutako arauek, EUDELeko gomendioetan oinarritzen direnak. Eudelen arabera, EAEko egoera eta Espainiako estatukoa ezin dira parekatu, eta foru sistemaren berezitasuna oinarri hartuta, EAEko hiru Batzar Nagusiek mailakatze propioa onartu zuten. Arauaren arabera, 10.000 eta 20.000 biztanleria duten herrietako alkateek Jaurlaritzako zuzendari batek adina jaso dezakete, hau da, 67.087 euro gehienez.
Hondarribiko alkatearen lansaria, azken egunetan komunikabideetan azaldu diren beste hiru mandatari jeltzaleen antzerakoa izango da, Azkoitia, Arrigorriaga eta Beasaingoena. Hiru herri horien biztanleria ere 10.000 eta 20.000 artekoa da eta bertako alkateek euren soldatak igo egin dituzte Eudelek proposaturiko mailara igotzeko. Hurrenez hurren, %47, % 41 eta %19 igo dituzte lansariak, eta komunikabideek erabaki horien berri eman dutenean, zalaparta handia sortu da. Hondarribiko alkateari, berriz, iazko legealdian alkate izandakoari baino gutxiago ordainduko zaio, arau berari men eginez.