Ama Guadalupekoak segundo erdia atera dio Urdaibairi Malagan. Gipuzkoarren eta bizkaitarren arteko lehian iazko txapeldunak abiatu du San Miguel Liga buruan. Orio izan da hirugarrena, 14 segundora, eta Kaiku laugarren, 18ra.
Ioseba Amunarriz, bandera jaso ondoren (arg: San Miguel Liga)
Hondarribia Arraun Elkarteak irabazi zuen atzo Malagako Malagueta hondartza parean egin zen III. Euskadi Basque Country Bandera, Urdaibairi 50 ehunen atereaz. Arraunerako baino hondartzarako egokiagoa zen eguraldiarekin, ezin hobe hasi du Ama Guadalupekoa ontziak 2015eko San Miguel Liga, lehen aldiz Kantauri itsasotik urruti irabaziz.
Ligako lehen estropada izanik, zozketa bidez zehaztu ziren txandak eta Hondarribiak bigarrenean bogatu zuen, bermeotarren ondoren. Elkarren arteko erreferentzia bisualik eduki ez arren, bi traineruak parekatuta joan ziren proba osoan. Lehen balizan denbora bera markatu zuten, bigarrenera Hondarribia segundo bat lehenago iritsi zen, hirugarrenean Urdaibai izan zen segundo bat azkarragoa, eta azken txanpan ere abiadura ia berbera eraman zuten bi traineruek. GPSaren arabera hondarribiarren aldeko diferentzia gehienez bi segundokoa izan zen estropada osoan, eta metro gutxitan hori, gainera. Azkenean, segundo erdiagatik, Ama Guadalupekoak irabazi zuen III. Basque Country Bandera.
Gipuzkoarren eta bizkaitarren arteko lehian gipuzkoar bat jarri da sailkapenaren buruan, Hondarribia, iazko txapelduna. Orio izan zen hirugarrena, 14 segundora, eta Kaiku laugarren sartu zen, 18ra (ikusi denborak). Hondarribia, Urdaibai, Orio eta Kaiku dira San Miguel Liga irabazteko faboritoak aurten eta lehen egunetik pronostikoak bete dira. Txanda desberdinetan bogatuta ere, lau oilarrek lortu dituzte lehen lau postuak.
6 ontzi 5 segundotan
Lau oilarrak lehen lau postuetan, baina beste arraun elkarte batzuek abisua eman dute. San Juan, esaterako, Kaikuren segundo berean sartu zen, 44 ehunen atzetik, eta bosgarren estropadaren sailkapenean. 4. postutik 9.era, 5 segundoko aldea baino ez zen izan eta horretan San Pedro atera zen kaltetuen. Libiak denborarik onena egin zuen lehen luzean —Urdaibai eta Hondarribiarekin berdinduta—, eta hirugarrenean ere eutsi zien aurkariei, baina itzulerako luzeetan denbora dezente galdu zuen, eta segundo erdiaren erruz bada ere, hurrengo estropadan lehen txandan atera beharko dute moreek.
Cabok atzetik aurrera egin zuen estropada. Lan erditan 15 segundo galdu zituzten baina bigarren baliza eta gero indartsuago azaldu ziren Boirokoak. Hirugarren luzean azkarrenak izan ziren Urdaibairekin eta azkenengoan laugarrenak, sailkapen nagusian seigarren jartzeko. Tirani 18 ehunen atera zizkion Cabok. Zarata handirik atera gabe, zazpigarren helmugaratu ziren urdinak eta itsaso zabaleko estropadetan aurten ere kontuan izateko trainerua izango da.
Goiz bada ere, mailari eusteko borrokan hiru ontzi egon litezkeela dirudi: Portugalete, Zierbena eta Samertolameu. Portugaletekoak 10. sailkatu ziren, 9. San Pedrok baino ia 15 segundo gehiago eginez. Zierbenak bost segundo gehiago behar izan zituen eta Moañako bigarren ontziak ez zuen estreinaldi ona eduki maila gorenean. Irabazleak minutu bat atera zion, eta azkenaurrekoarengandik hemezortzi segundora sartu zen Samertolameu.
2.a eta 3.a Galizan
Hurrengo asteburuan San Miguel Ligako 2. eta 3. jardunaldiak jokatuko dituzte, Pontevedran. Larunbatean Sanxenxon III Nauta Bandera izango da jokoan, 18:00etatik aurrera eta TKEk antolatuta.
Eta igande eguerdian, Moañan, XXXIII Bandeira Concello de Moaña. Tiran arraun elkarteak antolatuko du igandeko proba. Aurten ligako bi estropada egingo dira Moañan, bigarrena abuztuaren 8an, udalerri horretako beste taldeak, Samertolameuk antolatuta.
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.