Abenduan 85 urte beteko ditu Bob Stroger lau sokako maisuak baina forma onean segitzen du, 2010ean Hondarribira eginiko lehen bisitaldian erakutsi zuen bezala. Uztailaren 9tik 12ra egingo dute 10. urteurreneko ekitaldia.
Bob Stroger
Bob Stroger baxu jotzaileak jasoko du
Hondarribiko X. Blues Jaialdiko sari nagusia. Abenduan 85 urte beteko ditu Strogerrek baina forma onean segitzen du, 2010ean Hondarribira eginiko lehen bisitaldian erakutsi zuen bezala.
Missouriko herri txiki batean jaioa, 25 urterekin Chicagora bizitzera joan zen Stroger, Howlin’ Wolf eta Muddy Waters musikariek jotzen zuten klub bateko atzeko aldera. Horrela busti zen blues musikaz, eta baxua jotzen hasi zen, lau soketako izar bihurtzeraino. 2011 urtean
Blues Fundazioak blues baxu onenaren saria eman zion, eta bi urte geroago berriro nominatu zuten. Aurten hondarribiarren omenaldia jasoko du bertako jaialdiaren 10. urteurrenean, hain justu, Muddy Waters handia jaio zeneko 100 urte bete diren urtean.
Gitarrista handi asko biltzen dituen estiloa da blues musika, eta oso gutxi dira sei soken maisuen distira lortzen duten baxu jotzaileak. Horietako bat da Stroger, bakarlari bezala nahiz artista handien musikari bezala, ospe handia lortutakoa. Besteak beste, Eddie King, Otis Rush edota Jimmy Rogers bezalako artistekin jo izan du, eta noski, baita bere talde propioarekin.
Izarra da Bob Stroger, katxe handikoa, eta merezita jasoko du 10. urteurreneko Hondarribia Blues Saria. Antolatzaileek adierazi dutenez, “bizi osoa bluesari lotuta egoteagatik” jarriko diote aurten txapela Strogerri, eta ez da gutxiagorako, duela 55 urte hasi baitzen musikari bezala, bizitza oso bat bluesari emanda.