Igandeko proba irabazi du hondarribiarrak. Larunbateko lasterketa Niccolo Roccak italiarrak irabazi zuen eta Vilariño hirugarren izan zen. Asteburuko bi lasterketetan Cheever III-aren aurretik geratu denez, sailkapen nagusian tarte polita ireki du pilotu hondarribiarrak.
20 garaipen lortu ditu Vilariñok
EuroNascarreko hogeigarren garaipena lortu zuen Ander Vilariño hondarribiarrak igandean Tourseko zirkuituan (Frantzia), denboraldiko hirugarrena, eta hirugarren eraztuna lortzeko abantaila handia hartu du. Larunbateko lasterketa Niccolo Roccak italiarrak irabazi zuen, Frederic Gabillon frantziarra bigarren sartu zen eta Vilariño hirugarren.
Asteburuko bi lasterketetan Eddie Cheeverren (Cheever III) aurretik geratu denez, sailkapen nagusian tarte polita ireki du pilotu hondarribiarrak. Lehen zortzi lasterketen ondoren lider sendo da Vilariño, 346 punturekin. Cheever IIIak bigarren postuari eutsi dio, baina Gabillon asko gerturatu zaio —Cheverrek 317 puntu ditu eta Gabillonek 305 (
ikusi sailkapena).
Irailean itzuliko da EuroNascar txapelketa, udako atsedenaldia eta gero. Azken lau probek puntuazio bikoitza izango dute eta edozer gerta liteke, baina Toursetik faborito nagusi bat dago Vilariño.
Ibilgailuarekin arazoak izan dituzenean lehen postuetan bukatu du hondarribiarrak, eta kotxeak huts egin ez dionean, hiru garaipen eskuratu eta puntu asko pilatu ditu. Gauzak okertu ezean, EuroNascarreko hirugarren eraztuna lortzeko bidean da hondarribiarra.