Superheroi ezagunenak, hain ezagunak izan gabe superbotereak dituzten beste asko, eta hainbat pertsonai berri daude The 100 Super Heroes of Judas Arrieta proiektuan.
Che Guevara, Arrietak marraztutako 100 superheroietako bat
Judas Arrieta hondarribiarrak 100 superheroi marraztu ditu azken hiru hilabeteetan. Superman, Batman, Spiderman, Wonderwoman, Afrodita A, Phantom, Lobezno… Superheroi ezagunenak, hain ezagunak izan gabe superbotereak dituzten beste asko, eta hainbat pertsonai berri daude
The 100 Super Heroes of Judas Arrieta proiektuan.
Eskariz egin ditu marrazkiak, Euskal Herritik nahiz mundu zabaletik jasotako lehen ehun eskariei erantzunez. Eskaria egin duten ehun pertsona horietako bakoitzak pertsonaia bat proposatu dio Arrietari, eta artistak A4 neurriko marrazkia sortu du proposamen horrekin.
Eskaeren artean, superheroi klasiko gehienak daude, baina baita pertsonai historikoak ere (Nelson Mandela, Che Guevara, Margaret Thatcher…), eta kultur arlokoak (Mikel Laboa, Leonard Cohen, The Ramones…), eta abar. Batzuek bi superheroiren arteko borrokak proposatu dituzte, hala nola, Mazinger Z vs He-Man, Heidi vs Pottokiak, edota Hulk sinistezina HITZAko irakurleek ondo ezagutzen duten Judas Z-ren kontra.
Aste honetan bukatu du azken marrazkia,
The Superlittles, eta orain bigarren faseari ekingo dio, marrazki guztiak bildu eta liburu forma emateari. Boiseko Euskal Festa eta gero izango da hori, gaur bertan hegazkin hartuko baitu Judas Arrietak AEBra joateko. Boiseland proiektua burutuko du bertan, AEBetako euskal etxeen festa handiari lotuta.