300 lagun baino gehiago elkartu ditu udako zesta punta jaialdien irekiera solidarioak. Goikoetxea-Urtasunek irabazi zuten partida nagusia, Egiguren II-Ibai Erkiagaren kontra (25-20).
Partida nagusiko protagonistak, Pausokako haurrekin
1.355 euro lortu zituzten ostiralean behar bereziak dituzten haurrak biltzen dituen Pausoka elkartearen alde Jostaldi pilotalekuan egin zen zesta punta jaialdian. Sarrera bost euroan jarri zuten eta tabernan bildutako dirua ere Pausokarentzat izatea erabaki zuen Hondarribiko Pilota Eskolak. 300 lagunetik gora hurbildu ziren ostiral arratsean Jostaldira. “Zaila izaten da jakitea udako lehen jaialdira hurbilduko den jende kopurua, baina oraingoan harmailek oso itxura polita zuten”, adierazi du pilota eskolak.
Partida nagusirako Goikoetxea-Urtasun eta Egiguren II-Enbil bikoteen arteko lehia iragarrita zegoen, baina Enbil min hartuta zegoen eta Ibai Erkiaga aritu zen bere ordez. Partida oso parekatua joan zen eta azkenean Goikoetxea-Urtasun nagusitu ziren (25-20), norgehiagoko alde handiena.
Udako denboraldiaren hasieran dauden arren, intentsitate handiko lehia ikusi zen Hondarribian eta Manex Urtasun irundarra oso pozik zegoen garaipenaren ondoren: “Oso jardunaldi hunkigarria izan da. Batetik, alde solidarioa zegoen, eta bestetik, lehen aldiz jokatu dut profesional bezala Jostaldin, familia eta lagunak ikusten ari zirela”. Duela zortzi urtetik AEBn jokatzen du Urtasunek baina Jai Alivek aukera eman dio udan Euskal Herrian txapelketa ofizialak jokatzeko.
Partida nagusiaren aurretik Hondarribiko Pilota Eskolako zesta puntako ikasleak aritu ziren jokoan. Jaialdia bukatzeko, aldiz, hiru bikoteren arteko kiniela egin zuten: Iagoba-Akaitz, Unai eta Asier Alberro, eta Lesbats-Millat. Lehen bikoteak irabazi zuen, borroka orekatu baten ostean (20-18-18).