Ttipi-Ttapa programa abiatu dute Hondarribian eta Irunen. 60 urtetik gorako pertsonak elkartzen hasi dira boluntarioekin batera paseatzeko. Helburua oinez ibiltzea da, baino askoz gehiago da lortzen ari direna.
Ibiltzea osasuna delako, eta osasuna bizitza delako, 60 urtetik gorako bidasoarrak kedadak egiten hasi dira, elkarrekin paseatzeko. Joan den astean hasi ziren elkartzen, ostegunean Irunen eta ostiralean Hondarribian. Ondo joan zitzaienez, atzo berriro elkartu ziren Irungoak, eta gaur goizean zapatilak janzteko asmotan dira Hondarribiko nagusiak.
Osasun zentroetatik abiatutako ekimena da Ttipi-Ttapa, baina hainbat erakundeen arteko elkarlanari esker hartu du forma: Eusko Jaurlaritzako Osasun Departamentua, Osakidetzako Osasun Etxeetako Lehen Mailako Arreta Zerbitzua eta Gizarte Zerbitzuen udal departamentuak. Horiez gain, Nagusilaneko boluntarioen parte hartzea oso garrantzitsua da, ezinbestekoa, boluntarioek beraiek gidatzen baitituzte ibilbideak.
Adinekoei laguntza eskaintzeko prest dauden pertsonak dira Nagusilaneko boluntarioak. Ez du zertan horrela izan behar, baina elkarteko gehienak nagusiak dira, zaintzen dituzten pertsonak bezala. 1995. urtean sortu zen elkartea eta Gipuzkoan oso errotua dago. Irunen, esaterako, 70 boluntariok osatzen dute Nagusilaneko sarea. Juana Mari Errok 71 urte ditu eta aita hil zitzaionean hurbildu zen elkartera: «Denbora asko gaixorik eman zuen aitak, zaintza handia behar zuen. Hil zenean auzokide batek esan zidan ea zergatik ez nintzen besteei laguntzen hasten». Animatu egin zen eta ez da damutzen. «Ez dakizu zein zoriontsua naizen!» baieztatu du.
Laguntza behar dutenei laguntzea, hori da Nagusilanen egiten dutena: «Bakarrik dauden pertsonekin egoten gara, medikuenera lagundu, edo egoitzetan bizi eta bisitarik jasotzen ez dituztenekin egoten gara». Ttipi-Ttapa programan antzerako zeregina dute, «paseatzen laguntzen diegu», azaldu du Errok. Ordu eta erdiko ibilbideak egiten dituzte Irunen, ostegunero, 10:00etan Luis Mariano egoitzatik abiatuta. «Hiru boluntario joaten gara eta bakoitzak erritmo bat eramaten du, eta parte hartzaile bakoitza hobe datorkion taldeari batzen zaio».
Ia egunero komeni da
Hondarribian ostiralero egingo dute Ttipi-Ttapa, 11:00etan Itsas Etxetik abiatuta. Gaur bigarren eguna dute, eta bertan izango da Pilar Valenciano udaleko Kirol teknikaria: «Lehen egunean 20 parte hartzaile eta beste 11 antolatzaile eta boluntario elkartu ginen. Baina behar zena baino motelago ibili ginen».
Azaldu duenez, aurrena elkar ezagutu behar dute, bakoitzak eraman dezakeen erritmoa zein den jakin eta horren arabera taldeak eratu. «Orduan pixka bat intentsoagoa izango da, pertsona bakoitzari egokitua, baina osasunean eragiteko komeni da intentsoa izatea». Horrek ez du esan nahi hitzik ezin denik egin, «jarduera atsegina izan behar da, poztasuna ere bilatzen dugu».
Ttipi-Ttapa programaren aurkezpenean azaldu zutenez, ibiltzeak hainbat onura ekartzen dizkie adineko pertsonei, «bihotza sendoago edukiko dute, tentsioa jaitsi egingo zaie, eta kolesterola eta azukre maila ere jaitsiko zaie». Hori horrela, osasun arduradunek nabarmendu dute ia egunero ibiltzea komeni dela.
Eta konpainia onean bada, askoz hobe. Hori da ostegunero Irunen eta ostiralero Hondarribian dagoen plana, animatzen direnentzako neurrira egina. Asmoa xinplea da, eta handia era berean. Izan ere, Valencianoren hitzetan, «jarduera fisikoak osasuna hobetzen du, eta osasunak bizitza ematen du».