Sarrerak aurretik erosi nahi duenak Hondarribiko Arma Plazako turismo bulegoan edo Irungo Txuntxurro tabernan egin dezake. Ostiralean, 18:30ean zabalduko dute lehiatila, jaialdia hasi baino ordubete lehenago. Biltzen den diru guztia Pausoka elkartearen alde izango da.
Jaialdian biltzen den dirua Pausokako haurrentzat izango da
Zesta punta jaialdi handia egingo dute ostiralean Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan
Pausoka elkartearen alde. Behar bereziak dituzten haurren gurasoen elkartea da Pausoka, eta Hondarribiko Pilota Eskola eta Jai Alive enpresa haien alde elkartu dira, Hondarribiko Udalaren laguntzaz. Ostiralean izango da, 19:30etik aurrera. Ordu horretan profesionalen partida izango da, eta ondoren kiniela jokoa, amateur mailako hainbat txapeldun tarteko.
Gaur eguerdian egin dute jaialdiaren aurkezpena, Hondarribiko udaletxeko areto nagusian, eta bertan izan dira Txomin Sagarzazu Kirol zinegotzia, Joni Amboage pilota eskolako arduraduna, Amaia Pausokako gurasoa, eta Mikel Egiguren eta Manex Urtasun Jai Alive enpresako puntistak. Sagarzazu pozik azaldu da “hainbat gizarte eragile biltzen dituen ekimen honetan” laguntzeko aukera izateagatik, eta pilota eskola zoriondu egin du, “sortzen diren ekimenetan parte hartzeko duten kemenagatik”.
Mikel Egiguren (Egiguren II.a) izango da jaialdiko pelotarietako bat. Egungo Munduko txapelduna da banaka nahiz bikoteka, eta Hondarribiko Pilota Eskolako haurren entrenatzailea. Onartu duenez, ekimenaren berri izan bezain pronto batu ziren pilotariak. “Ume hauek gehiago eduki dezaten dena emango dugu kantxan”, esan du donostiarrak.
Egiguren IIaren batera, Iñaki Goikoetxea, Gotzon Enbil eta Manex Urtasun kantxaratuko dira Pausoka elkartearen aldeko zesta jaialdian, ostiralean. Pilota eskolako arduradunaren hitzetan, “gaur egun egin daitekeen zesta jaialdi onena da, maila goreneko puntistekin osatua”. Hala, Goikoetxeak banakako munduko txapela sei aldiz irabazi du eta binaka bost, eta Enbilek beste lau aldiz bikoteka.
Eta ostiraleko jaialdira joateko arrazoi nahikorik ez balego, Manex Urtasun zuzenean ikusteko aukera izango da. Irundarra, eskualdeko puntista profesional bakarra da eta AEBn jokatzen ari da. “Espero dezagun hemendik gutxira gehiago izatea, baina une honetan Urtasun da Bidasoko profesional bakarra, eta bera jokoan ikusteko modua izango da ostiralean”, erantsi du Amboagek.
Euskal Telebistak ere bat egin du ekimenarekin, eta jaialdia grabatuko du, aurrerago emateko.
Pausoka, 3 urte gizartera zabaltzen
Hiru urte ditu Pausoka elkarteak, baina dagoeneko ezaguna da Gipuzkoan eta oro har Euskal Herrian. Zaintza berezia duten gurasoek sortu zuten eta Amaia da guraso horietako bat. Antolatzaileekin eskertua azaldu da prentsaren aurrean, eta elkartearentzat ostiraleko ekitaldiak bi helburu dituela azaldu du: “Batetik, gure haurren bizi kalitatea hobetzeko dirua bilduko da, eta bestetik, elkartea eta haurrak gizarteratzerako balioko du. Haurrentzat oso inportantea da disfrutatzea, eta kasu honetan, euskal pilotarekin disfrutatzeko aukera izango dute”.
19:30ean hasiko da ostiraleko Jostaldiko jaialdia, eta ordubete lehenago zabalduko dute lehiatila. Sarrerak bost eurotan salduko dira eta aurretik erosi nahi duenak badu aukera, Hondarribiko Arma Plazako turismo bulegoan, edota Irungo Txuntxurro tabernan. Biltzen den diru guztia behar bereziak dituzten haurren alde izango da.