San Juanek irabazi du Gipuzkoako Trainerila Liga, baina igandean mendekua hartu zuen Hondarribiko seikoak eta Gipuzkoako Txapelketa lortu zuen. Liga zein txapelketa, ehunenekoengatik erabaki zen.
Traineru denboraldia nolakoa izango den ikusteko dago, baina trainerila sasoia ezin ikusgarriagoa izaten ari da, Gipuzkoan behintzat. Maila nagusian, gizon seniorretan, Pasai Donibane-Koxtapek irabazi du lurraldeko traineri liga eta Hondarribia Arraun Elkarteak Gipuzkoako Txapelketa. Apirilaren 24tik bi seiko ontzien arteko lehia bizia izan da, azken astebururaino. Hainbesteko lehia izan da, ezen batzuek zein besteek ehunenei esker lortu baitituzte haien banderak.
Larunbatean ligako azken estropada jokatu zuten Mutrikun. Epaileek banderatxoa astindu aurretik berdinduta zeuden bi ontziak, eta ondoren gauzak ez ziren gehiegi aldatu. 44 ehuneneko tartearekin irabazi zuten sanjuandarrek azken proba, eta ondorioz, liga ere.
Bihar ere aurkazi gogorrena izango da San Juan
Atseden hartzeko ia betarik gabe, Gipuzkoako Txapelketa egin zuten biharamunean, Mutrikun ere. Hondarribiak mendekua hartu zuen igandean eta arrosen aurretik sailkatu zen, bezperako aldearen erdiagatik, 22 ehunenekoengatik. Kostako zaie hondarribiarrei larunbatekoa ahaztea, baina arrosek ez dute erraz ahantziko igandeko zaplastekoa.
Maila guztiei erreparatuz, Koxtape izan da orain arte denboraldiko arraun elkarte erregularrena. Emakumeetan bigarrena izan da Gipuzkoako Txapelketan eta laugarrena ligan, Hibaikaren atzetik —Zumaiak irabazi ditu bi lehiaketak—. Eta mutil jubeniletan sanjuandarren seikoa bigarrena izan da ligan Getariaren atzetik, eta Gipuzkoako Txapelketan lehena, marroien aurretik.
Bihar eta etzi, Euskadiko Trainerila Txapelketa jokatuko dute Orion, eta hor lehiatuko dira berriro Oarso Bidasoko seikoak, maila bakoitzeko trapuen bila.