Dantza erakustaldiak, kalejirak, erromeria... ikusgarria izango da Kemenek astebururako prestatu duen egitaraua. Baina hasi, gaur hasiko da Hondarribia Dantzan, Ion Iruretagoienaren hitzaldiarekin.
IX. Hondarribia Dantza jaialdia egingo dute ostiraletik igandera bitartean, Kemen Dantza Taldeak Hondarribiko Udalaren laguntzaz antolatzen duena. Dantza erakustaldiak, kalejirak, erromeria… ikusgarria izango da Kemenek astebururako prestatu duen
egitaraua.
Baina ikuskizunaz haratago doa Hondarribia Dantzan, dibulgatzeko xedea ere badu, eta horregatik urtero Bidasotik kanpoko dntza taldeak gonbidatzen dituzte, eta horregatik azken urteetan hitzaldi batekin hasten da jaialdia, ostiralez. Ion Iruretagoienak emango du aurtengo hitzaldia,
Nondik Nora? Dantzak, maskaradak, dantza-maisuen oroitzapenak… goiburukoa. Kultur Etxean izango da, 20:00etan.
Arizkungo dantzariak gonbidatu dituzte
Txomin Sagarzazu Kultura zinegotziak nabarmendu duenez, herrian ondo errotutako jaialdia da Hondarribia Dantzan: “Herriak daukan kultur eskaintza oparoa aberasteko, Hondarribia Dantzan dugu asteburuan. Ondo errotutako ekitaldi bat da; euskal dantzarekin dugun harremanean sakontzen jarraitzeko eta esperientzia berriak bizitzeko esperientzia eskaintzen digu hondarribiarrei”.
Aurten hiru talde gonbidatu ditu Kemenek jaialdirako, hirurak nafarrak, baina eskualde desberdinetakoak: Arizkun, Igantzi eta Ablitas. Eder Valladares Kemeneko arduradunak azaldu duenez, urtero jaialdia desberdina izatea bilatzen dute: “Urtero saiatzen gara dantza mota desberdinak eskaintzen, euskal dantzen aberastasuna zabaldu asmoz. Aurten, Arizkungo Baztandarrak Dantza Taldea, Igantziko Dantzariak eta Ablitaseko Mendiandike Dantza Taldea izango ditugu Hondarribian”.
Larunbat arratsaldean jardungo dute dantza talde horiek, 17:30etik aurrera kalez kale, eta 18:30ean Santa Maria Magdalena plazan, Portuan. Plaza horretan bertan erromeria izango da ondoren, 20:30etik aurrera.
Igandean ikasleen txanda izango da, Kemeneko Adaxkako haur dantzarien bilkura. Santa Maria Magdalena plazatik abiatuko dira kalejiran 11:00etan, Arma Plazaraino. Bertan, dantza agerketa burutuko dute, gurasoen eta bisitarien gozamenerako.