Asobal Ligara igotzeko play-offetarako txartela eskuratu du Bidasoa-Irunek. Bihar jokatuko du lehen partida Santanderren. Itxaropentsu da Bolea, irundarren entrenatzailea.
Fernando Bolea, Bidasoa-Irunen entrenatzailea
Asobal Ligara igotzeko play-offetarako txartela eskuratu du Bidasoa-Irunek. Bihar jokatuko du lehen partida Santanderren. Itxaropentsu da Bolea, irundarren entrenatzailea.
Kili-kolo hasi zenuten denboraldia, baina play-offetarako txartela eskuratu duzue. Zein balantze egiten duzu?
Oso ahul hasi genuen denboraldia. Pentsatu nahi dut egokitze arazoengatik edota jokalari berriek hizkuntza menperatzen ez zutelako izan zela. Baita ere izan zitekeen ez nintzela amalgama bat azkar asko egiteko gai izan. Norgehiagokak pasatu ahala, egia da hobetzen joan ginela. Hamabigarren jardunaldia inflexio puntua izan zen. Alcobendasi irabazi genion, bere etxean [24-32 irabazi zuten irundarrek]. Taldea burua altxatzen hasi zen orduan. Ordura arte egoera zaila bizi genuen, nahiko izorratuta ginen, eta ez ginen buelta emateko gai. Partida horren ondoren hasi ziren gauzak aldatzen, beste Bidasoa bat ikusi zen. Ados: arazoak genituen defentsan, ez genuen espero bezain ongi jokatzen. Pixkanaka-pixkanaka egoera iraultzen hasi ginen, eta Asobal Ligara igotzeko kanporaketetarako txartela lortu genuen, liga erregularra bukatu baino jardunaldi bat lehenago. Alde hori lortu dugu, baina horretarako asko, pila bat, borrokatu gara. Eta nabaritu da. Gainera, min hartutako jokalariak izan ditugu, eta horrek ere partida batzuetan eragin handia izan du taldean. Baina tira, sufrimendu horrek guztiak, bukaeran, merezi izan du.
Agian iazko dinamikak eragina izan du hasiera horretan, aipatu dituzun egokitzeko zailtasun horiengatik…
Iazko denboraldia bukatuta, onartuta geneukan jada Zilarrezko Mailan ginela. Taldea asko borrokatu bazen ere, ez ginen Asobal Ligari eusteko gai izan.
Aurten zortzi jokalari berri ekarri ditugu. Nahi ala ez, egokitzeak bere denbora behar du. Gainera, zortzi horietatik lau atzerritarrak dira. Hizkuntza ezagutzen hasten ari direnerako, epaileak ezagutu arte, hemen dugun jokatzeko erara moldatu behar dira… Liga ezberdinetatik etorri ziren, eta peaje bat ordaindu behar dute. Ordaindu genuen, min handiarekin, baina ordaindu. Maila honetan aspalditik oso ongi elkar ezagutzen duten taldekide asko daude, urte asko daramate elkarrekin. Gurean, berriz, hamalau fitxatatik zortzi berriak ziren. Oztopo handia izan zen hori.
Azkenean emaitza positiboa lortu zen, behintzat.
Bai, noski! Sailkapenean gorago bukatu genezakeela uste dut. Oraintxe bertan burura etortzen zaizkit modu ulertezinean eskuetatik ihes egin zizkiguten partidak. Baina aipatu behar dira ere beste mota bateko partidak: lehia oso estua izan zutenak eta azkenean gol bateko errentarekin irabazi genituen haiek. Taldeak lan handia egin du garai honetara ongi iristeko: sendo, ilusioarekin eta indartsu dabiltza jokalariak. Orain zatirik garrantzitsuena geratzen zaigu, eta ea nota ona ateratzen dugun. Ongi bukatzen bada urtea, urteko balantzea ona izango da. Hala ere, urte gogorra izan dela onartu behar dut, batez ere, zalantzaz betetako hasiera irregular harengatik.
Bihar eta etzi jokatuko dira play-offak, Santanderren (Kantabria). Finalaurrekoa Atletico Valladoliden kontra jokatuko duzue bihar, eta beste partidan etxeko Sinfin taldea eta Nava segoviarrak ariko dira. Nola aurre egiten diozue azken fase horri?
Moral eta baikortasun handiarekin aurkeztuko gara bertan. Gure aukeretan konfiantza dugu. Play-offetan parte hartuko dugun lau taldeotatik inork ezin du esan Asobal Ligan dagoela jada, bestela zaplasteko bat jasoko du hori pentsatzen badu.
Asko dago jokoan partida horietan, tentsio handia dago, baita parekotasuna ere. Gainera, igoera fasea, antolatuta dagoen moduan, oso gogorra da. Hamasei edo hemezortzi ordutan bi partida jokatu behar dituzu, tentsio eta borroka handiarekin, eta horrek asko baldintza dezake nor izan daitekeen irabazle. Talde bat oso teknikoa izan daiteke, baina fisikoki gutxiago iraun dezake.
Jokatzeko partida oso zailak dira. Hain ordu gutxiko aldea duten partidak jokatu izan ditugu, baina horiek lagun artekoak ziren. Tentsioak mina ematen dio jokalariari, eta higatzen du. Fisikoki ahal bezain ondoen zein lasai egotea izango da helburua.
Psikologikoki ere kudeatu behar da.
Bai. Bestela, kirioek traitzionatu zaitzakete. Baina tira, uste dut aukerak ditugula, denek bezala. Espero dut urte osoan bizi izan dugun kalbarioaren ondoren, jokalariek euren esperientzia baliatuko dutela Asobalera igotzeko aukera izateko. Gainera, taldea oso konbentzituta ikusten dut, eta hori da gauzarik garrantzitsuena.
Azken partidetako bolada onaren olatua aprobetxatuko duzue?
Zalantzarik gabe. Hala ere, momentu txarrak izan ditugu… Denboraldiaren azkeneko zatian ongi jokatu dute, konfiantzarekin. Euren burua aukerekin ikusten dutenez, duten guztia emango dute. Gero gerokoak: gainontzeko taldeek guk baino hobeto jokatzen badute, edo akats gutxiago egiten badituzte, tira, pena izango da. Bi partida falta dira loriarentzako, eta gogotsu lehiatuko direla badakidanez, lasai nago.
Harrobia lantzen du Bidasoak. Pasa den asteburuan, baina, Bidasoa Bk ezin izan zuen Lehenengo Maila Nazionalera lortzeko txartela eskuratu.
Faseko arerioak ez dituzu ongi ezagutzen, ez duzu euren gaineko informaziorik, eta nerbioak gehituta, gaizki atera zitzaien ligaxka. Baina, beno, kirola da. Uste duzu irabaziko duzula, baina arerioak ere maila onekoak izan daitezke.
Guri ongi datorkigu bigarren taldeak horrelako partidetan esperientzia hartzea. Edozein momentutan jokalari batek lehen taldea lagun dezake, egon Zilarrezko Mailan edo Asobal Ligan.
Pasa den apirilaren 22an bete ziren hogei urte Elgorriaga Bidasoak Europako Kopa irabazi zuenetik. Zuk talde hartan jokatu zenuen, ezker hegalean. Zein oroitzapen gordetzen dituzu?
Gogoan dut, bai. Hura bizi genuenok ez dugu inoiz ahaztuko lorpen hori. Ilusioa egiten du horrelako urtemuga bereziak bizitzea. Oso atsegina da, beti irudiren bat etortzen zaizulako burura. Gainera, aurten klubak egin duen moduan, zabalkundea ematen badio urteurrenari, eta jendea konturatzea Bidasoak Europako Kopa bat duela orain dela hogei urtetik, oroitzapen asko etortzen zaizkizu burura, bai. Bidasoazale guztiak harro egoteko modukoa da, eta lehen pertsonan bizi genuenontzat, batez ere, oso garrantzitsua da esperientzia hura.
Nolakoa da Irunera berriro itzultzea? Zein sentsazio dituzu?
Oso ongi. Jokalari bat, bere ibilbidean, asko mugitzen da. Niretzako, eskubaloi jokalariaren ikuspuntutik, urte oso politak izan ziren. Tituluak irabazi genituen, eta horrek arrastoa uzten dizu: jokatu duzu, golak sartu dituzu, irabazi duzu, galdu duzu… Irunera itzultzea, entrenatzaile moduan, eta gainera, arrakasta erlatiboarekin, oso polita da, eta pozik egoteko modukoa da niretzat.
Zaleen laguntza ere funtsezkoa izan da.
Ea. Urte asko eman ditut Irundik kanpo. Beti kexatu zaitezke, jendea kantxara etortzen ez delako negar egin, baina daramatzadan hiru urte hauetan ez dut inolako kexarik. Ematen duten babesa bikaina da. Batez beste, mila lagun datoz partidako, oso kopuru handia da eskubaloia izateko eta gizartea dagoen moduan egoteko. Eskertzekoa da. Partida berezietan, gainera, ikusle gehiago izaten ditugu, eta hori kantxan nabaritzen da. Jokalariek gogo are handiagoarekin jokatzen dute. Zortzigarren jokalariaren papera betetzen dute, eta bukaeran behar duzun bultzadatxo hori ematen dizu.