Hondarribia Dantzan jaialdiaren barruan, Adaxka taldeko haur eta gaztetxoek erakustaldia eskaintzen dute igande goiz eta eguerdian. Kemenen harrobia dira, eskoletatik lantzen dutena.
Adaxkako dantzariak, iazko Hondarribia Dantzan jaialdiko igandean
Kemen Dantza taldearentzat egun bereziak izaten dira Hondarribia Dantzan jaialdikoak (
ikus egitaraua), baina bereziak izaten dira Bidasoko ehunka guraso eta euskal dantzen zale direnentzat ere. Izan ere, eskualdean dantzariak badaude, dantza ikasi dutelako da hori, eta Kemenek lantzen du beste inork baino hobe euskal dantzen harrobia, eskoletatik hasita.
Irun eta Hondarribiko eskoletan Kemenekin euskal dantzak ikasten duten haur eta gaztetxoek Adaxka dantza taldea osatzen dute, euren harrobia. Igandean kalejiran zeharkatuko dituzte Portua eta Alde Zaharra, eta agerketa egingo dute Arma Plazan. Dozenaka haur eta gazte, dozenaka dantzari.
Jaialdiko gainontzeko ekitaldiek duten mailarik ez badute ere, ezin da ulertu Hondarribia Dantzan jaialdia Adaxkaren parte hartzerik gabe. Batetik, haurrek eta haien irakasleek urtean zehar egindako lana erakusteko aukera dutelako; bestetik, gurasoek, eta oro har, hondarribiarrek haietaz harro egoteko modua ematen duelako; eta azkenik, euskal dantzekiko zaletasuna urtetik urtera eta belaunaldiz belaunaldi transmititzeko ezinbesteko tresna bihurtu delako.
Finean, transmisio hori egitea baita Hondarribia Dantzan jaialdiaren helburu nagusia, eta Kemen Dantza Taldearen izateko arrazoia. Lan askotan isila, baina biribila.