Ohorezko Mailako taldeak Zarautzen kontra berdindu du eta azken bi jardunaldietan lortu beharko du salbazioa. Sailkapeneko azken bostek puntuatzea lortu dute.
Hondarribiak kontraerasoan sortu zuen arriskua
Hil ala biziko partida zen larunbat arratsaldean Hondartza futbol zelaian Hondarribiak eta Zarautzek jokatu zutena. Baina ez zen inor hil, akaso biak zauritu, 0-0ko emaitzak Preferentera jaitsiko diren taldeen arteko lehia gehiago estutzeko balio izan zuelako (
ikus sailkapena).
Sailkapeneko azken bost taldeek puntuatu zuten, eta azken biek irabazita gainera. Hondarribiak 14. tokian segitzen du, eta orain Zarautzek ixten du jaitsiko liratekeen hiru taldeen multzoa, Ordizian ezustekoa emanda, Usurbil putzutik atera baita, eta Zarautz sartu du zuloan.
Hondarribiko partida borrokatua izan zen, eta oso gol aukera gutxi egon ziren arren, zaleak ez ziren aspertu. Berdeek dena eman zuten, oso sendo defentsan, eta erasoan saiatuz, batez ere kontraerasoan, baina aukera gutxi sortu zituzten. Lehen zatian izan zuten abagune argiren bat, atsedenaldia eta gero gutxiago. Zarautzek, aldiz, baloiaren jabetza eduki zuen une askotan, eta teknikoki jokalari onak dituela erakutsi zuen, baina ezin izan zuen hondarribiarren harresia gainditu.
Bi taldeek dena eman zuten zelaian
Berdinketa ez da txarra Hondarribiarentzat, beste bi aukera dituelako salbatzeko. Egoera normal batean, hiru puntu lortuta salbatuko litzateke taldea, baina hiru puntu horiek lortu behar dira, eta garesti daude. Datorren asteburuan Anaitasunaren etxean jokatuko du Hondarribiak, eta azken jardunaldian, Usurbilen kontra, Hondartzan.
Emozioa, azkenera arte
Hondarribiak jaitsiera postuetik kanpo jarraitzen du, baina atzekoak hurbildu zaizkio, eta nola gainera. Azkenak, Antzuolak, berriro irabazi du eta salbaziotik bi puntura jarri da, duela zazpi jardunaldi pentsa ezinezkoa zena. Hurrengo partida liderraren kontra dute, baina Aurrerak lehen postua ziurtatu du dagoeneko. Hortaz, bidean harri gutxiago aurkituko dituzte antzuolarrek.
Azken bigarrena Bergara da, Hondarribiak baino hiru puntu gutxiago ditu eta
average-a galduta. Hortaz, Hondarribiak sei puntutik hiru lortuta, Bergara atzetik geratuko litzateke, bergararrek bi partidak irabazita ere. Aretxabaletarekin berdindu du Bergarak asteburuan.
Bizirik dirau Zarautzek ere, Hondarribian lortutako berdinketarekin. Baina ez daude egoera onean. Batetik, atzekoak zaindu behar dituzte, eta Usurbil aurreratu. Salbatzeko, usurbildarrek baino puntu bat gehiago lortu behar dute, eta atzekoak hor mantendu.
Hondarribiaren aurkari zuzenena Usurbil da, azken laugarrena. Eta azken partidan Hondartzan jokatuko du. Ezin gehiago eskatu. Larunbatean Ordizian irabazi zuten, azken minututan sartutako gol bati esker. Bikingoek baino bi puntu gutxiago dituzte, eta averagea, momentuz, kontra. Hurrengo jardunaldian Hondarribiak irabaziko balu, eta Usurbilek ez, berdeek salbazioa eskuratuko lukete. Bestela, azken jardunaldian erabakiko da, Hondartzan.