Sei hondarribiar eskolarteko Espainiako Judo Txapelketan
Haurren Mailan, Unai Bermejo (-42 kilo), Javier Estevas-Guilmain (-55) eta Jon Pascual (+66) lehiatuko dira. Eta kadeteetan, Aitor Goikoetxea (-46), Antxon Lekaroz (-60) eta Maialen Ramos (-63).
Hondarribiko Ama Guadalupekoa Judo taldeko sei kirolari eskolarteko Espainiako Judo Txapelketan lehiatuko dira asteburuan Jaca (Aragoi) herriko Izotz Jauregian. Larunbatean (kadeteak) eta igande goizean (haurrak), 13-17 urte bitarteko estatuko judoka onenak lehiatuko dira, haien arten sei hondarribiar.
Haurren Mailan, Unai Bermejo (-42 kilo), Javier Estevas-Guilmain (-55) eta Jon Pascual (+66) ariko dira. Eta kadeteetan, Aitor Goikoetxea (-46), Antxon Lekaroz (-60) eta Maialen Ramos (-63).
Hondarribiko Judo klubetik onartu dutenez, gazteen kirol bizitzeko une garrantzitsua izango da: “Eskola garaiko kirol formazioan, urteko ekitaldi inportanteena da. Gure kirolari bakoitzaren emaitza Jacako tatamietan erabakiko da, baina asteburu honetan euren kirol heziketako bide neketsuan beste atal eder bat bizituko dute”.
Eskolartekoen lehiarekin, Espainiako Txapelketen programa itxiko da asteburuan. Aurretik Gazteen Mailako txapelketa eta nagusiena egin dituzte. Biak Pinton izan ziren, Madrilen. Gazteetan, Amako Lidia Yarzak urrezko domina lortu zuen, eta nagusietan, Valentzian ikasten ari den Iokin Sagarzazu hondarribiarrak, brontzea.
Ama Guadalupekoa Judo Taldeko sailkatuak
Haurren Maila
- Unai Bermejo (-42 kilo). Euskadiko selekzioan egindako sailkapen probako irabazlea.
- Javier Estevas-Guilmain (-55). Espainiako zerrendako hirugarrena bere pisuan, hiru domina lortu ditu aurten Espainiako Kopako probetan. Iaz, brontzezko domina lortu zuen Espainiako Txapelketan, haurretan.
- Jon Pascual (+66). Espainiako rankineko lehen postuan dago, kopako probetan lau domina lortu eta gero.
Kadeteen Maila
- Aitor Goikoetxea (-46 kilo). Euskadiko txapelduna eta domina bat Espainiako Kopako proba batean, goragoko pisuan (-50). Iaz, zilarrezko domina lortu zuen haurretan.
- Antxon Lekaroz (-60). Euskadiko txapelduna eta rankineko 4.a bere pisuan. Aurten hiru domina lortu ditu Espainiako Kopako probetan.
- Maialen Ramos (-63). Espainiako selekzioko lehena da bere pisuan, eta iaz azpitxapelduna izan zen. Uda aurretik lesio larri bat eduki zuen belaunean eta ebakuntza egin zioten. Hamar hilabetez geldirik egon eta gero, berriro itzuliko da tatamietara asteburuan.
Txapelketa osoa zuzenean jarraitu ahal izango da Internet bidez, Espainiako Judo Federazioaren Youtube kontutik. Hauek dira loturak: