Gaur ireki dute Biteri kaleko liburutegi probisionala, Zuloaga Etxekoaren zerbitzu guztiak eskainiko dituenak. Bihar gaztelaniazko tailerra egingo dute bertan eta asteazkenean lehen ipuin kontaketa.
Zerbitzu guztiak maila berean eskainiko ditu
Itxura txukuna du gaur Biteri kalean ireki duten liburutegi probisionalak. Gaurtik eta gutxi gorabehera hamar hilabetez, Biteri kalean emango du zerbitzua udal liburutegiak, garai batean behin behineko anbulatorioa egon zen tokian. Astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara irekiko du, eta larunbatetan goizez.
Azpiegitura modularra da, solairu bakarrekoa, eta zerbitzu guztiak gela berean eskainiko ditu, baina txoko desberdinetan banatuta. Harrera, sartu eta eskuinera dago, mostradore txiki batean.
Ondoan, Gunter Grass eta Eduardo Galeano idazleen lan hautatu batzuk jarri dituzte, berriki hil diren bi egile handiei omenaldi gisa. Ezkerrera, beste guztia, liburutegiko zerbitzu guztiak, atalka banatuta, txukun jarrita, disfrutatzeko modukoak.
Txomin Sagarzazu Kultura zinegotziak azaldu duenez, Zuloaga Etxean eskaintzen den zerbitzu bera emango du Biteri kalekoak: “Kale Nagusiko eraikin berritua ireki arte, Biteri kaleko moduluek 680 metro koadroko eremua eskainiko dute, guztiak maila berean, 80 bat irakurketa gunerekin (gazte eta helduentzako eremuak banaturik), eta Zuloaga Etxean eskaintzen zen zerbitzu bera eskainiz”.
Ia 8.000 bazkide
Zuloaga Etxea handitu eta berritzeko lanen aurrekontua ia milioi eta erdikoa da. Behin behineko zerbitzuaren kostua, aldiz, 94.320 eurokoa. Egun 7.718 bazkide ditu Hondarribiko Udal Liburutegiak, eta
liburutegi berriak erabiltzaile guztiei, bazkide izan ala ez izan, zerbitzu hobea emateko xedea du, “liburutegi moderno eta kalitate handikoa izatea “.