Eneko Yarza Arabaolaza muturreko piraguista hondarribiarrak proiekzio bana aurkeztuko ditu gaur, asteazkena, eta bihar, bere herrian eta Irunen. Rafting irakaslea da Yarza, Nazioarteko Federazioko instruktore tituluduna, eta munduan zehar ibiltzen da hezitzaile lanak eginez —21 herrialdetan aritu da— eta piraguarekin ia ezinezkoak diren ibaiak jaisten.
Eneko Yarza Arabaolaza muturreko piraguista hondarribiarrak proiekzio bana aurkeztuko ditu gaur, asteazkena, eta bihar, bere herrian eta Irunen. Rafting irakaslea da Yarza, Nazioarteko Federazioko instruktore tituluduna, eta munduan zehar ibiltzen da hezitzaile lanak eginez —21 herrialdetan aritu da— eta piraguarekin ia ezinezkoak diren ibaiak jaisten. Kolonbiatik itzuli berria, azken urtetan bizitutako bi abentura eskualdeko kirol zaleekin partekatzeko tartea hartu du Yarzak. Gaurkoa, Europan zehar Aritz Egues herrikidearekin izandakoa, eta biharkoa, nazioarteko beste muturreko kirolari batzuekin Argentinan grabatutakoa.
Hondarribiko Gazte Xaian, Hondarribitik Norvegiarako bidaian izandako pasadizoak kontatuko ditu: “Norvegian lana aurkitu nuen rafting gida bezala, eta maiatzean bidaia egin genuen furgonetan, Aritz Eguesek eta biok”, azaldu du. Pirinio mendiak eta Alpeak zeharkatu zituzten, eta hainbat ibai jaitsi zituzten bi mendizerretan, Italian sartu eta Norvegia aldera joan aurretik.
“Norvegian gertatu ziren abentura batzuk ere kontatuko ditut —jarraitu du—, furgonetan lotan ginela lapurtu ziguten aurrean, Aritzi pasaportea lapurtu eta etxera etorri behar izan zuen…”. Hitzaldi-proiekzioaren izenburua
Euskal nomadak Europan, ibaiak jaitsiaz izango da eta Gazte Xaian emango du, 19:30etik aurrera, euskaraz.
Eneko Yarza, Puente del Inca gunean
Irunen, berriz, bihar izango da hondarribiarra, 19:30ean Amaia Kultur Zentroan. Hor, kontinenteko mendi altuenean, Aconcaguan gertatutakoak azalduko ditu, gaztelaniaz: “Desertu antzerakoa da hura, marroia, eta Mendoza ibaia, Aconcaguatik jaisten dena, hura ere marroia, dena sedimentuz betea dagoena”. Ibai hori jaisteko espedizioa azaltzen da Yarzak grabatutako
Mendoza, la vena marrón del Aconcagua ikus-entzunezkoan.
“Aconcaguako sarreran hasten da, Punte del Inca-n, Mendoza ibaiaren gainean ur termalek sortutako zubi naturalean, eta hor hasi ginen lau eguneko espedizioa, Potrerillos herri ondoraino. Espedizio polita izan zen, lau egunekoa”, erantsi du abenturazale hondarribiarrak.
Ostiralean, Eneko Yarzari egindako elkarrizketa argitaratuko du Oarso Bidasoko HITZAk, papereko edizioan.