Ander Vilariño pilotu hondarribiarrak lidergoan bukatu du Europako Nascar Txapelketako lehen asteburua. Valentziako zirkuituan hasi da aurtengo lehiaketa, bi probekin.
Ander Vilariño, igandean irabazi eta gero
Ander Vilariño pilotu hondarribiarrak lidergoan bukatu du
Europako Nascar Txapelketako lehen asteburua. Valentziako Ricardo Tormo zirkuituan hasi da aurtengo lehiaketa, bi probekin. Larunbatean bigarren bukatu zuen Vilariñok, eta igandeko proba irabazi zuen.
Larunbatean hasi zen aurtengo EuroNascar txapelketa eta iazkoa bukatu bezala hasi zen, Edddie Cheever III italiarraren garaipenarekin. Azken eraztunaren jabea lehen tokian iritsi zen helmugara, baina hondarribiarrari 7 dezima baino ez zizkion atera.
Igandean, ordea, Vilariño izan zen nagusi, Frederic Gabillon eta Anthony Kumpenen aurretik. Lehen tokitik atera zen hondarribiarra, bezperan pole-a lortuta, eta lehen postu horri eutsi zion lasterketa osoan zehar.
Bi egunetan pilatutako puntuei esker, EuroNascar txapelketako lehen liderra da Ander Vilariño, igandean Cheever III laugarren geratu baitzen. Italiarra da bigarren sailkapenean, eta euskaldunaren aurkari nagusia izan daiteke, baina Gabillon, Kumpen, Niccolo Roca edota Borja Garcia, besteak beste, ez dira oso aparte ibiliko. Hurrengo bi karrerak Holandan egingo dituzte, Venrayko zirkuitu obalatan, hilabete barru.
Bi EuroNascar eraztun
Bi aldiz irabazi du Vilariñok Europako Nascar Txapelketa. Iaz hirugarren eraztuna jarraian irabazteko zorian izan zen, baina azkenean bigarren geratu zen, txapeldunarengandik oso gertu. Orotara, EuroNascarreko 38 karrera korritu dit, 28 aldiz igo da podiora, eta 21 karreretan abiatu da lehen tokitik.