Hondarribiko Udaleko Prebentzio Komunitarioko zerbitzuak arreta handia jartzen du San Marko egunean, esperientziak erakutsi baitu opilaren aitzakiarekin nerabeak “pasa” egiten direlako.
San Marko deitu edo Opilaren Eguna deitu, herriko nerabeak irrikaz egoten dira apirilaren 25a noiz iritsi zain. Ohitura polita da opila jasotzearena, baina politena jatea izaten da, lagunekin egiten delako, eta Guadalupen egiterik bada, zer esanik ez.
Aurten aterkia hautatu dute ikur bezala
Hondarribiko Udaleko Prebentzio Komunitarioko zerbitzuak arreta handia jartzen du San Marko egunean, esperientziak erakutsi baitu opilaren aitzakiarekin nerabeak “pasa” egiten direlako. “Egun honetan, gazteen helburua egun ona pasatzea da, lagunekin gozatzea, eta udalaren ardura jarrera osasuntsuak bultzatzea eta balizko arriskuak aurreikustea da, horien artean edari alkoholdunen kontsumo neurrigabea edo goiztiarrarena”, adierazi du Txomin Sagarzazu Gazteria eta Prebentzio Komunitarioko zinegotziak.
Horregatik, San Marko egunaren aurretik Prebentzio Komunitarioko zerbitzua ikastetxez ikastetxe joaten da, Opila Egunean “gehigikeriak” gerta ez daitezen beharrezko informazio zabaltzen: “Osasun hezkuntza programak garatzen dira herriko ikastetxe guztietan urte osoan zehar, bizi modu osasuntsuak sustatzeko asmoarekin”, eta apirilean programa berezia egiten dute. Zerbitzuko langileek esaten duten bezala, “txapa ematen” lan handia egiten dute Opila Egunaren aurretik: “Apirilean ordu beteko saioa egin da gela guztietan arrisku murrizketa estrategiak erabiliz urtean egindako lana indartzeko”, erantsi du Sagarzazuk.
Alkoholan jartzen dute arreta berezia, baina adinez adin joaten dira eta horrek esan nahi du tabakoaren eta kannabisaren kontsumoari ere heldu behar diotela. “Hiru sustantzia hauek dira gehien arduratzen gaituztenak gazteei dagokienez, alde batetik gehien erabiltzen direnak direlako eta bestetik gazte askok eta zenbait helduk ere gehiegi normalizatzen dituztelako kontsumo hauek”. Horregatik, gazteekin aurrez aurre hitz egitea inportantea dela deritzo, eta zerbitzuko langileek hori egiten dute: “Informazioa eman behar zaie, baina batez ere gogoeta eta ardura sustatu behar da. Lagundu behar zaie helduak izaten, hau da, gauzak egin baino lehen baloratzen, ondorioak neurtzen eta arriskuak murrizten”.
Herriko gazteentzat bezala, Prebentzio Komunitarioko zerbitzuarentzat ere egun seinalatua da San Marko. Horregatik, urtero kanpaina berezia egiten du, “gehigikeriak” ekiditzeko.
Aurten aterki bat hautatu dute kanpainako irudi bezala: “Opila egun askotan euria egiten duelako eta bide batez, aterkia babesa ikur gisa erabili dugu aurten. Gazteek ondo pasa behar dute eta era berean beraien burua zaindu behar dute”.