Barealdiaren aurreko ekaitza
Bihar, larunbata, bukatuko dira garai berriko II. herri olinpiadak. Azken jokoak goizez, bazkari erraldoia eguerdiz, bertso proba esperatua... Eta festa, festa handia, gorputzak nahikoa dela esaten duen arte.
Ez da lan makala 520 lagunentzako mahaia jartzea! Jarri bakarrik ez, bazkaria prestatu, aurreko erosketak egin, menua aukeratu, denok denetarik jaten ez dugula kontuan hartu… Bihar amaituko dira Hondarribiko IX. Herri Olinpiadak eta gutxik erreparatuko diote horri, bazkariaren antolakuntzari, baina meritu itzela du. Hori da hori autogestioa muturreraino eramatea. Baina bazkariaren aurretik gauza asko gertatuko dira azken larunbat olinpikoan. Garrantzitsuena, bikingo kaskoa aurten zeinek jantziko duen zehaztuko dela. Pexperlantak aurretik doaz sailkapenean, baina egun txarra izanez gero, Bionttuek aprobetxatuko dute, ziur. Orain artekoak bezala, azken jardunaldiko probak ere mundialak izango dira, betiko jokoetan oinarritutakoak. Hasteko, Gernikako Arbolan proba sorpresa izango dute taldeek, 10:00etan. Ondoren, Zumardian, aulkiaren jolasa eta patata beroarena, Hondarribiari buruzko galderekin. A! eta bertso proba, sailkapena lehenik eta finala gero. Bertso probako kanporaketa bukatzen den orduaren arabera erabakiko dute finala bazkal aurretik edo patxaranaren ostean egin. Aurreko urtean erakutsi zutenez, bada bertsolaririk olinpiadetako partaideen artean, baina beste batzuek euren lehen bertsoak botako dituzte bihar. Horregatik, bertso tailerra egin dute aste honetan Gazte Xaian, Arkaitz Oiartzabal Xamoa bertsolari oiartzuarrarekin. Eta festa, festa handia Antolatzaileek jakinarazi dutenez, nahi duenak etxera joateko aukera izango du sari banaketaren ondoren, baina badaezpada, arratsalderako zeozer antolatu dute. Bi musika talde ariko dira jo eta su Zumardiko platanondoak dantzan jarri arte, Elektropatxaranga eta Luz de Putas. Luz de Putasek, gainera, disko berria aurkeztuko du, Iraultza dantzan! goiburukoa. Aste honetan bertan atera dute labetik eta abesti berriren bat ziur joko dutela Zumardian. Antolatzaileen arabera, «ordu txikitara arte luzatuko da musika». Ez genuen gutxiago espero.