Penitentzia
Mesedez, faborez eta, hala behar bada otoika eta belauniko, eskatu nahi diot garai batean H2 izena zuen, eta Ekialdebus sortu zenetik E2 izena daraman Oiartzun-Donostia (edo Donostia-Oiartzun) autobus linea diseinatu zuen horri, dagoeneko oiartzuarrok bete dugula zegokigun penitentzia, eta mesedez, xamurtzeko ibilbide hori. Ez dakit zergatik diseinatu zuenak diseinatu zuen horren luze, horrenbeste geldialdirekin, horren […]
Mesedez, faborez eta, hala behar bada otoika eta belauniko, eskatu nahi diot garai batean H2 izena zuen, eta Ekialdebus sortu zenetik E2 izena daraman Oiartzun-Donostia (edo Donostia-Oiartzun) autobus linea diseinatu zuen horri, dagoeneko oiartzuarrok bete dugula zegokigun penitentzia, eta mesedez, xamurtzeko ibilbide hori.
Ez dakit zergatik diseinatu zuenak diseinatu zuen horren luze, horrenbeste geldialdirekin, horren grisa Oiartzun-Donostia ibilbidea. Oiartzungo plazatik Gipuzkoa Plazara 40 minutu baino lehen iristea miraria den ibilbide hori.
Ez dakit zein izan den oiartzuarrok egin genuen bekatua —Zumalakarregi Ozentzion barrena ibili zenean, edo Errenteriari independentzia eman genionean, Arditurriko meategietan erromatarren bat akelarrean erre zuten, edo Aiako Harrian klima tropikala eta koralezko arrezifeak zeuden garaietan egin genuen horrelako zigorra mereziko lukeen sakrilegioa—, baina gorrototik abiatuta egindako linea bat dela, ez dut zalantzarik.
Aitortzen dut ez dudala garraio publiko hori gehiegi erabiltzen. Aitortzen dut Donostiara joan behar badut nahiago dudala autoz joan Arraguara, eta han Euskotrena hartu, behintzat ziurtatua baitut garaiz iritsiko dela Amarara, 20 minututan Donostian egongo naizela eta bidaiarien arteko espazio bitala errespetatzeko moduan diseinatua daudela bagoiak. Aitortzen dut ia edozer egiteko prest nagoela E2a saihesteko.
E2a energia negatiboaren biltegi bat da. Inor ez dago umore onez. Ez gidariak, ez bidaiariak. Gidariak agurtzen bazaitu, egun berezia da. Beti dago gelditzeko botoia sakatu eta autobusa eskatutako tokian gelditu ez zaion bat, edo atea denbora gutxiegiz ireki diotenen bat, ateratzeko denbora nahikorik gabe. Edo autobus guztiarentzako hitz egiten duen hori. Edo are okerrago, musika jarri duen hori. Sartu —berdin du non—, eta begiratu E2ko bidaiariei. Denak doaz pentsakor, aspertuta, erdi-zorabiatuta, inork ez du liburu bat eskuartean…
Benetan, ez da broma. Garraio publikoa sustatu nahi duten agintariak baldin baditugu, has daitezela linea hau birplanteatzen. Guk, autobusa hartzen dugun bakoitzean, mila proposamen egiten ditugu, baten bat aintzat hartu nahi badute: Arraguatik aurrera saihesbidea hartzea (Errenteriatik hainbeste linea pasatzen dira!), Oiartzunen bakarrik hartzea jendea eta gainerakoetan jaitsialdi bakarra izatea… baina beti, ondorio berera heltzen gara: «Ama… mortala da autobus hau!».