XX. ekitaldia beteko du Gregorio Berrotaranek abiatutako Hondarribiko Zuhaitz Egunak. Higer farolatik gertu egingo dute aurten, San Telmo eremuan. Lehen aldiz ez dituzte zuhaitzak lerrokatuta aldatuko, basotxo gisa baizik.
Europako Batasunaren gomendioz, basotxoa egingo dute lehen aldiz
San Telmoko lurretan, Higerreko farolatik gertu egingo dute larunbat honetan Hondarribiko Zuhaitz Eguna, Gregorio Berrotaran zenak ekimena abiatu zutenetik egiten den 20.a. Azken bi hamarkadetan 3.000 haur baino gehiago jaio dira herrian, eta ia guztiek dute bere izena daraman zuhaitz bat Jaizkibelen. Aurten farola aldera hurbilduko da ekimena (
ikus kokapen zehatza).
Berrikuntza handi batekin dator aurtengo zuhaitz eguna, ez baitituzte arbolak orain arte bezala kaletan lerrokatuko. Iaz jaiotako haurrek basotxoa osatuko dute, 130 ametz jasoko dituen zuhaiztia —70 mutil eta 60 neska jaio ziren 2014an Hondarribian—. “Europako Batasunetik datorkigun lege bati jarraiki eta Foru Aldundiaren gomendioekin bat eginez, ez ditugu orain artean bezala zuhaitzak lerroan jarriko eta kale izen batekin, eta 2014ko haurren basotxoa osatuko dugu” azaldu du Kalixa Silanes Nekazaritza, Ingurumena eta Agenda 21eko zinegotziak gaur goizean egin den aurkezpenean.
11:00etan hasiko da XX. Zuhaitz Eguna. Ekitaldi nagusia, ohi bezala, zuhaitz landaketa izango da, eta horrekin hasiko da jardunaldia. Ondoren, baina, iaz zazpi urte bete zituztenek makila jasoko dute. Hau ere Berrotaranen ekarpena izan zen, herriko haurrengan naturarekiko errespetua lantzeko xedea zuena, eta zinegotzi ohia hil zenetik haren sendiak jarraitu du ohitura polit horrekin, Artzu baserrian. Horregatik, makil bila joan behar dutenei oinez hurbiltzeko joateko deia egin die Silanesek: “Oinez igotzen badira, hobeto, naturarekiko errespetuaz gain kontutan hartu behar delako han zenbat auto egongo diren”.