Lezo-Jaizkibel eta Talaia Trail irabazita, Iker Oliveri Zegama-Aizkorri Mendi Maratoia prestatzen ari da
Iker Oliverik Lezo-Jaizkibel eta Talaia Trail irabazi ditu aurten, baina Zegama-Aizkorri Mendi Maratoia da bere helburua; lau ordu eta erditik jaitsi nahi du, postuari begiratu gabe. Iaz lesionatuta ibili zen eta aurten hobeto ari da, lanak nahi bezain beste denbora entrenatzeko uzten ez dion arren.
Oreretan jaio zinen.
Bai, 1971an.
Zenbat urterekin joan zineten Hondarribira?
Etxea daukagu lau urte nituenetik. Harrez geroztik uda guztiak eta asteburu guztiak Hondarribian pasatzen genituen. 11 urte nituela etorri ginen bizitzera.
Hortaz, galdera zaila egingo dizut. Nongoa zara?
[Barre egin du] Erantzun politikoa emango dizut. Jaioa han naiz, baina bizitza hemen izan dut. Oreretan baditut oraindik lagunak, eta bosgarren mailara arte nirekin izandakoekin harremana mantentzen dut, baina koadrila eta bizitza hemen izan dut; 11 urterekin gutxi erlazionatzen zara etxetik kanpo, eta gainera asteburuak hemen egiten genituen…
Haurra zinela iritsi zinen Hondarribira. Ordurako kirol zalea al zinen?
[Azkar erantzun du] Nik uste baietz. Beti asko gustatu zait kirola, baina denetik gainera, futbola, txirrinda, arrauna… oso aktiboa izan naiz.
Orain hain gazte ez zarela, oraindik denetik praktikatzen al duzu?
Egia esan orain ezin dut askorik egiten, ordutegiagatik. Futbola egin izan dut, baina ja 44 urterekin [barrez] pentsatzen dut futbola ezin dela egin. Gustatuko litzaidake beste gauza batzuk egitea, eskiatu egin izan dut noizbehinka, txirrinda ere noizbehinka hartzen dut, baina denbora asko eskatzen dizu. Horregatik bakarrik korri egiten dut, denbora beste gauza batzuei dedikatzen badiet korritzeari kenduko diot, dudan denbora gutxia. Gainera orain gogoz nabil, korritzeko gogoa daukat eta horretan nabil.
Horretarako ez da leku txarra Hondarribia, ez? Zapatilak jantzi, kalera atera eta korritzen hasteko.
Hori da. Txirrindan zerbait egin nahi baduzu ordu pare bat behintzat behar duzu. Eta korrika, gaueko zortzietan iristen zarela etxera, edo bederatzietan, edo ez dakit, eguerdian ordutxo bat duzula, zapatila jarri eta hemen ibiltzeko, [leihotik so] begira gainera ze parajeak.
Bietatik egiten duzu, asfaltoa eta mendia. Non zaude gusturago?
Denboraldia mendirako finkatzen dut. Finean helburu nagusi bat dut, Zegama-Aizkorri Mendi Maratoia egitea, eta denboraldia horri begira zehazten dut. Asfaltoa ere egiten dut, azkenean buruarentzako aldaketa bat behar izaten duzulako. Uda, abuztua eta iraila hasiera batez ere, deskantsu egiten dut, kirola egiten dut ere, baina beste modu batean. Gero Behobia jartzen dut helburu txiki bezala, behintzat hasteko. [Burua makurtuz] Bueno, ez da helburu txikia, nahiko inportantea da, baina mendia prestatzeko. Nik helburu bat behar dut, bestela kostatzen zait. Orduan hasten naiz asfaltoko karrerak egiten, garai horretan bi karrera nahiko politak datozelako, batez ere Donibane eta Behobia, eta gero mendira pasatzen naiz.
Oliveri, bi txapelekin
Behobiaren aurreko astean telefonoz esan zenigun min hartuta zinela. Bistan denez, osatu zara. Lezo-Jaizkibel, Talaia…
[Barre egin du] Talaia eta gero susto txiki bat baina egia esan ondo nabil, arazorik gabe, lesiorik gabe orain arte, eta iaz baino kilometro gehiago egin ditut, horregatik pixka bat hobe nabil.
Zenbat kilometro egiten ari zara?
Orain ari naiz hilabetean 300 edo 305 kilometro egiten, eta iaz ehun kilometro gutxiago ari nintzen egiten hilero. Aurten ehun gehiago.
Denboraldiko une onenean zaude edo oraindik hobetu behar duzu?
Espero dut hobetzea. Orain entrenamendu luzeak egingo ditut, batez ere asteburuetan, eta desnibel handiagoko lekuetan.
Zegama prestatzeko?
Bai. Azkenean Jaizkibel oso mendi polita da korritzeko, baina desnibel oso gutxi ateratzen duzu, atera daiteke, baina ez asko, eta behar izanez gero beste leku batzuetara joan beharko duzu, beste aldera [Hendaiara begira jarrita], Aiako Harrira, edo Aizkorri aldera.
Talaiaren aurkezpena egin zenean onartu zenuen zuretzat lasterketa egokia zela. Aldiz, Zegama-Aizkorri teknikoegia. Hori landuko duzu datozen asteetan, teknika?
Gaztetan asfaltoa egin dut, atletismoa egin dut, orduan abiadura puntu bat badut, eta Talaia bezalako lasterketa baterako nahiko ondo datorkit, hemen lortzen ditugun bataz bestekoak [kilometroa zenbatean] nahiko azkarrak direlako. Zegama batean denborak altuagoak dira eta terrenoa… malda beheran ondo moldatu behar zara, eta Aizkorri goian aldapak nahiko teknikoak dira, abilidadea behar da, eta hori entrenatu beharra dago.
Zer espero duzu aurtengo Zegama-Aizkorrin?
Gauza asko esaten dizkidate, baina ni, lau ordu eta erditik jaistea, kontent. Baina ez dut nahi bota, ze gero ez dut lortuko! Askotan muga bat jartzen diot nire buruari eta gero ez dut lortzen. Baina bueno, espero dut lau eta erditik jaistea, ez da zaila, duela bi urte ia egin nuelako [4:32:21 izan zen bere marka], eta lehen aldia zen, zirkuitua ezagutu gabe, eta teknikoki ez nintzen hain ondo moldatzen. Orain ikasi dut, eta pentsatzen dut denbora pixka bat kentzea lortuko dudala.
Helburua zurekiko jartzen duzu, esan nahi dut, denborari begiratzen diozula, ez duzula posturik bilatzen.
Ez, ez, ez, Zegama batean ez duzu begiratzen ere egiten postua, denbora begiratzen duzu, nahiko jende ona datorrelako. Niri berdin zait 20.a edo 60.a egin, nahi dudana da nire marka hobetu.
Ondo dagoela onartu du Oliverik, baina hobetzea espero du
Ez zara kirolari profesionala [ezetz esan du buruarekin], baina nolabait, bai dedikatzen zara honetara, mendi lasterketekin harremana duen lanbidea duzulako.
Bai, hori da, mendiko materiala saltzen duen enpresa batean lan egiten dut, komertzial bezala, Salomon-en, eta orain hasi naiz Suuonto-n [kirolerako erloju marka, Amer Sports taldekoa, Salomon bezala].
Eta… deskonektatu daiteke?
[Barrez, atzera bota du burua] Hori da galdera, hori da galdera. Askotan gertatzen zait, bakarrik entrenatzen ahaztu zaitezke, baina jendearekin zoazenean… Eta niri jendearekin entrenatzea gustatzen zait, eta harreman onak egin ditut, baina beti lanaz galdetzen dizute, nire afizioa ofizio delako. Gustatuko litzaidake askotan gauza hauetaz ez hitz egin behar izatea entrenatzen nagoenean, zer zapatila atera diren, hauek onak ote diren, zer material berria dagoen, horrelako galderak egiten dizkidate, baina bueno [sorbaldak altxatuz]. Hala ere, disfrutatzen dut ere, zortea dut, gustatzen zaidan kirol batean nagoelako lanean.
Tokatu al zaizu karreraren baten zerbait saldu behar izatea?
Saldu ez, baina tokatu izan zait karreretan kolaboratzea, lasterketa askotan kolaboratzen dugulako, gure ustez garrantzitsua delako, eta askotan antolatzaileek eskatzen digutelako beraiekin kolaboratzea. Sariak ematen ditugu eta askotan arku batekin joaten naiz lasterketara, eta banderatxo batzuekin, eta sari txiki batzuekin. Lan honetan hasi nintzenean esan zidaten karrerak korritzeko eta laguntzeko; batzuetan korritzen dut, beste batzuetan ez. Eta gertatu izan zait nik lagundu dudan lasterketa bat irabaztea. Arkua eraman, nik muntatu, karrera irabazi, zapatilen testak egin, arkua desmuntatu eta etxera.
Lanean, Euskal Herritik kanpora ere aritzen zara.
Bai, Pirinio ia guztia egiten dut, Benasqueraino, Euskal Herria eta Errioxa.
Esan daiteke kirola barrutik ezagutzen duzula, beraz. Leku guztietan izan al da mendi lasterketekin hemen bizi dugun boom-a?
Uste dut orokorra izan dela, nire lankideei ere geroz eta kolaborazio gehiago eskatzen dizkete, eta gero eta gehiago laguntzen dugu, baina ezin dugu leku guztietan egon. Korrikalari gehiago dago, hori argi dago, baina asko dira beste kirol batzuetatik etorriak, edo asfaltotik etorri direnak, edo asfaltoan ibiltzen den jende berdina. Hortik etorritako jendea da.
“Gertatu izan zait lagundu dudan lasterketa bat irabaztea. Arkua eraman, nik muntatu, karrera irabazi, arkua desmuntatu eta etxera”
Eta horrela izanik, zaintzen dira.
Bai, baietz uste dut, baina hau nire iritzia da, erdiko maila asko hazi dela iruditzen zait. Ez dakit, adibidez, Behobia batean lehen ordu eta hogei minututik behera mila pertsona sartzen dira, orain igual bi mila. Jendea askoz gehiago zaintzen da, ohitura handia dago entrenadore bat izateko, dietista bat… Gero eta gehiago zaintzen da jendea.
Eta zapatilak, gehiago saltzen dira?
[Arnasa hartuz] Saltzen dira, saltzen dira, baina gero eta marka gehiago daude eta konpetentzia itzela da. Karrera neketsua da hori. Begira, hasi nintzenean esan zidaten, ‘orain Salomonen hasiko zarela, kirol gutxiago egingo duzu’, eta egia da, hala da, gezurra dirudi, ematen du mendiko marka batekin zabiltzanez mendian emango duzula denbora guztia, baina kirol gutxiago egiten dut, ez dut hainbeste denborarik. Askotan ibili naiz gaueko hamarretan, hamabietan, hotel batean bezeroei bilduma erakusten. Hala tokatzen da.
Eta moldatzen zara? Esaterako, Zegama behar bezala prestatzeko denboraz ondo zabiltza?
Ba espero dut baietz. Bai, ondo nabil. Iaz garai honetan lesionatuta nengoen, Zegama baina hiru aste lehenago hasi nintzen korritzen, eta oinazeekin. Aurten ondo nabil. Orain gauza da minik ez hartzea.
Hori da zure desioa denboraldirako, minik ez hartzea?
Bai [pentsakor]. Hasieran esan dizut Zegaman lau ordu eta erditik jaistea nahi dudala, baina igual nahiago dut ez lesionatzea, horrek ekartzen duelako entrenatzen jarraitzea, eta askotan entrenamendua ez da izaten Zegama, Zegama eta Zegama, baizik eta behar dudan zerbait, entrenatzea behar dut, behar dut atera eta ez etxean geratu behar izatea min hartuta zaudelako.
44 urte dituzu. Oraindik badituzu urte batzuk jarraitzeko, nahi izanez gero.
[Arnasa hartuz] Gaztea ezta ez naiz. Duela urte batzuk ez nuen pentsatzen 44 urterekin horrela ibiliko nintzenik. Ez dakit. Helburua ez badut aurten lortzen ja… pentsatzen dut iritsiko dela momentu bat ezingo dudana, eta ja nabaritzen dut, errekuperazioak askoz luzeagoak dira, lesio gehiago daude… Adin aldetik justu nabil.