Ijitoen ohiturak, kultura eta historia gizarteratzeko ahaleginean egitarau zabala prestatu du Kale dor Kayiko elkarteak
Ijitoen Nazioarteko Eguneko ospakizunak Zabaltza plazan
Urtero apirilaren 8arekin batera Ijitoen Nazioarteko Eguna ospatzen da munduko hainbat txokotan zehar. Aurten lehen aldiz, Kale dor Kayiko (KDK) ijitoen elkarteak Irunen ospatu nahi izan du eguna eta egitarau zabala antolatu du horretarako Zabaltza plazan eta Urantzu pilotalekuan.
Hala, umeentzako tailerrak eta jokoak, ijito komunitatearen kultura, historia eta ohituren gaineko informazio gunea eta inaugurazio ekitaldia egin dituzte Zabaltza plazan. Baina horren aurretik, ijitoen arteko esku pilota txapelketarekin hasiera eman diote egunari Urantzu frontoian.
Hori horrela, Manuel Vizarraga elkarteko presidenteak inaugurazio ekitaldia egin du Zabaltza plazan. Bertan ere izan dira Irungo Udalaren ordezkariak, tartean, Jose Antonio Santano alkatea eta Maite Pelaez Gizarte Ongizate delegatua.
28 urteko ibilbidea
KDK elkarteak (
biharko ijitoak, euskaraz) 25 urteko ibilbidea ospatu zuen iaz, baina hala ere, 30 bat urte daramatela lanean azaldu du Manuel Vizarraga KDKko presidenteak. “Gizarteratzeko beharraren ondorioz sortu zen elkartea”, azaldu du Vizarragak, “eta horretarako bide bakarra hezkuntza zela ikusi nuen”.
Ibaiaren zeremonia irudikatu dute
Hortaz, ume ijitoak eskolatzeko erronkari heltzea erabaki zuen Vizarragak eta elkartea horretarako tresna lagungarria izan zitekeela ikusi zuen. Denborarekin emaitza ezin hobeak lortu dituztela iritzi du KDKko presidenteak; izan ere, azken 25 urte hauetan ijito komunitateko umeen gehiengoa eskolatzea lortu dutela uste baitu. Gainera, urtero ikasketak bukatzen dituzten umeei sari bat ematen dietela azaldu du, “negatiboa ez den motibazioa behar dela uste dut”.
Ijito komunitatea gizarteratzeko ahalegina egiten ari dela ere ziurtatu du Vizarragak: “Ez dugu gizartetik at bizi nahi, zeinek esan du ez dugula integratu nahi? Hori ez da egia”. Gainera, gizarteratze prozesu horretan, alderdi politikoren batean ordezkaritza lortzea dela oraingo erronka esan du elkarteko presidenteak.
Londresko 1971ko kongresua
Ramon Motos KDK elkarteko kideak azaldu duenez, “ijito komunitatearen ordezkariak Londresen bildu ziren 1971ean, eta han erabaki zuten Ijitoen Nazioarteko Eguna apirilaren 8an finkatzea”. Horrekin batera,
Gelem, Gelem ijitoen ereserkia onartu zuen komunitateak, baita ibaiaren zeremonia ere.
Motosen arabera, “loreak eta kandelak ibaira botatzean datza zeremonia. Ijito herriaren historia irudikatzen du, Punjabetik (Indiako Errepublika) atera ginenean orain dela milaka urte. Zeremonia honek gure ibilbidea munduan zehar ere irudikatu nahi du, zeru urdinaren azpian eta zelai berdeetan zehar, bidean aurkitutako oztopoak gaindituz eta bizitako esperientzia ikasteko baliatuz”.
Ijito komunitatearen banderaren koloreak (urdina eta berdea) hori bera adierazi nahi dutela azaldu du Motosek. Eta horrekin batera, gurdi baten gurpila ere ikus ohi daiteke banderan, egindako ibilbidearen adierazle eta “gorria, jazarpenaren ondorioz isuritako odola eta pairatutako sufrimenduaren ikurra”.
[nggallery id=35]