Antxeta Irratiko kazetariaren galderei erantzunez egin zituen adierazpenak Santanok; EH Bilduren udal taldeak "alkatearen utzikeria" salatu du.
Paez, Santano eta Pelaez aurretik egindako beste udalbatzar batean
Jose Antonio Santano Irungo alkateak TTIP itunaren gaineko mozioa atzera bota izanaren gainean egindako adierazpenak kritikatu ditu EH Bilduren udal taldeak.
Antxeta Irratiko kazetariaren galderei erantzunez egin zituen
adierazpenak Santanok (audioa gazteleraz) eta informazio falta dela eta, kontra egin zutela onartu du.
Ttokian tokiko eztabaida bat ematea mundu mailako afera baten inguruan era parte hartzaileago” batean egin beharko litzateke alkatearen arabera. Horrez gain, “zenbait punturekin ados egon arren, beste batzuekin desadostasunak” onartu zituen alkateak.
Ildo horretan, iritzi bat emateko adina informaziorik ez duela aitortu zuen, eta “denborarekin eta eztabaida ireki batekin, denon artean akordio batera irits gaitezkeela” gaineratu.
“Utzikeria” eta “arduragabekeria”
Santanoren adierazpenek hautsak harrotu ditu mozioa bultzatu zuten herri eragile eta udal taldeen artean. Hala, horien artean erantzuten lehena EH Bilduren udal taldea izan da. “Alkatearen utzikeria” eta “arduragabekeria” salatu nahi izan ditu koalizioak. Haiek eta EBk “herri eragileen ahotsa” azken udalbatzarrera eraman zutela gogorarazi du EH Bilduk.
Hori horrela, “herriaren subiranotasuna zapalduko duen multinazionalen akordioa” ez ezagutzea larria dela iritzi du koalizioak eta ondokoa nabarmendu nahi izan du: “Akordio honek zerbitzu publikoaren pribatizazioa bultzatuko du; multinazionalek erabiltzen duten ekoizpen eredua ezarriko luke, transgenikoak erabiltzea ahalbideratuz; eta langileen eskubideak zapalduko lirateke AEBko langileen lan baldintzak EBkoekin parekatuz”.