Hondarribiko EAJk gehiengoa lortzea helburu duen hautes zerrenda aurkeztu du. Txomin Sagarzazu alkategaiarekin batera, Juan Mari Altuna eta Kalixa Silanes ageri dira lehen postuetan, eta Meite Pelaez bederatzigarren. Gainontzeko lekutan, berrikuntza ugari.
Aurkezpenean egon ziren jeltzaleen zerrendako kideak
Hondarribiko Euzko Alderdi Jeltzaleak zerrenda “orekatua” aurkeztu du maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan udal gobernuari eusteko xedearekin. Orekatua, gizon eta emakumeen artean, baita alderdiko kide eta alderditik gertuko baina kide ez direnen artean. Hala aurkeztu zuen Edu Basterretxea Hondarribiko Uri Buru Batzarreko presidenteak hamazazpi hautagaien eta hiru ordezkoen zerrenda. Batzokian egin zuten aurkezpena joan den astean, zerrendako zenbait kide bertan zirela, horien artean Txomin Sagarzazu alkategaia eta egungo alkatea, Aitor Kerejeta.
Basterretxea presidenteak berak ixten du zerrenda, hirugarren ordezko bezala, eta Aitor Kerejeta egungo alkatea azken hautagaia da, hamazazpigarrena. Postu horietan doazenez ez dira zinegotzi aterako, baina zerrendan joatearekin argi uzten dute zerrendak bai alkatearen bai batzarreko presidentearen babes osoa duela.
Txomin Sagarzazuk haien babesa eskertu zuen, eta zerrendako kide diren guztien prestutasuna: “ekarpen egiteko prest azaldu dira, eta oso modu aktiboan”. Hautagaiaren arabera, zerrenda osatzeko “talde ikuspegia” lehenetsi dute: “gobernu talde egoki bat osatzeko taldea aurkezten dugu. Gobernua osatzen dugun pertsonak bagaude, baina berritzeko nahia” nabarmendu zuen, helburu nagusia “herri zerbitzua” egitea dela erantsiz.
Sagarzazuk onartu zuenez, “hamar alderdikide eta beste hamar ez garenok” osatzen dute zerrenda, “hamaika emakume eta bederatzi gizon”, eta gizarte esparru desberdinetako pertsonak, “badaudelako bai portuarrak, kaletarrak eta baserritarrak, bai Amutekoak eta Mendelukoak; bai kulturan, auzogintzan, kiroletan edo gizarte mugimenduetan lan egin izan dutenak; eta bai belaunaldi gazte zein helduagotakoak”.
Halakoa da Hondarribiko EAJk maiatzaren 24ra begira prestatu duen ““askotariko argazkia”, alkategaiaren esanetan. Egungo gobernuan egonik, errepikatzea dute helburu jeltzaleek, “gehiengoa lortzea”.
Aire berrituko hautagaitza
Hondarribiko EAJk udal hauteskundeetara aurkeztuko duen plantxako berrikuntza nagusia alkategaia da, albiste hori aspalditik ezaguna bada ere. Baina ez da aldaketa bakarra. Hala, Lupe Olascoaga Merkataritzako zinegotzia ez da zerrendan azaltzen, eta Maite Pelaez Gizarte Zerbitzuetakoa bederatzigarren ageri da —egun zazpi zinegotzi ditu EAJk—. Azken lau urtetan gobernuan ardura gutxien izan duten bi zinegotzi jeltzaleak erori dira zerrendatik, Amaia Gezala eta Katrin Martinez. Hortaz, aire berrituekin aurkeztuko dira jeltzaleak udal bozetara.
Berrikuntza bai, baina pisuzko hiru zinegotzi lehen postuetan jarri dituzte, alkategaia bera, egungo bigarrena den Juan Mari Altuna bigarren bezala, eta Kalixa Silanes bosgarren tokian. Horiekin batera, lau emakume zazpigarrenera iritsi arte —egun dituzten zinegotziak—: Arantxa Berrotaran, Maria Serrano, Gotzone Larrarte eta Edurne Etxeburu. Zortzigarren Gonzalo
Txalo Carrion ageri da eta bederatzigarren, Maite Pelaez.
Zerrenda osatzen dutenen artean zinegotzi ohi bat dago, Ixabel Olazabal; Eusko Alkartasunarekin eta Hamaikabatekin zinegotzi izandakoak 11. zenbakia du EAJren hautes-zerrendan.
EAJren hauteskunde zerrenda
- Txomin Sagarzazu
- Juan Mari Altuna
- Arantxa Berrotaran
- Maria Serrano
- Kalixa Silanes
- Gotzone Larrarte
- Edurne Etxeburu
- Gonzalo Txalo Carrion
- Maite Pelaez
- Arantzazu Rojo
- Ixabel Olazabal
- Arantzazu Ocio
- Elena Olasagasti
- Juantxo Lapitz
- Norberto Emazabel
- Ana Cupeiro
- Aitor Kerejeta
Ordezkoak
- Maiaia Urrutia
- Alberto Lasa
- Eduardo Besterretxea