Mendeurrena dela eta erabaki zuen aho batez udalbatzak klub txuribeltzari ematea; ekitaldia antolatu du tokiko gobernuak, udaletxean bertan, 12:00etan abiatuta.
Real Unioneko jokalariak, 1926an, Atotxako zelaia zenean. Argazkia: Kutxa fototeka/Ricardo Marin funtsa
Aho batez onartu zuen Irungo Udalbatzak herenegun Irungo Urrezko Domina Real Union Clubarentzat izatea. Mendeurrena dela eta, Irungo kirol elkarte eta erakundeek klub txuri-beltza errekonozimendurako proposatu zuten eta udal talde guztiek proposamenarekin bat egitea erabaki zuten. Hala, bihar gauzatuko dute entrega udaletxean bertan, 12:00etan abiatuta. Gai horrekin
bi orriko erreportajea egin du HITZAk gaurko papereko edizioan.
Hori horrela, Ricardo Garcia presidenteak jasoko du domina klubaren izenean eta mendeurrenaren errepasoa jasotzen duen ikus-entzunezkoa ikusteko aukera izango da bertan. Klubarekin harremana duen edozein elkarte gertura daiteke ekitaldira; baita urrezko domina jaso duten beste sarituek ere. Horrez gain,
Internet bidez zuzenean jarraitu ahal izango dela zeremonia jakinarazi du tokiko gobernuak.