Auzo elkarteekin eta bertako eragileekin elkarlanean auzo bakoitzarentzako ikur bat sortuko dute iniziatibaren bitartez.
‘Auzo sortzaileak’ iniziatibaren aurkezpena
Irungo artisten eta auzoen arteko harremana estutzeko eta arte garaikidea auzoetan hedatzeko helburuarekin, Auzo sortzaileak izeneko iniziatiba aurkeztu du aste honetan Irun Factory-k. Sormen lantegiko Maialen Arozena, Tania Lozano, Monica Gonzalez eta Aitor Izagirre artistek, eta Belen Sierra Kultura delegatuak burutu zuten iniziatibaren aurkezpena.
Hala, auzo bakoitza identifikatzen duen ikur bat bilatu beharko dute artistek bizilagun elkarteekin eta auzoko eragileekin elkarlanean. Eta ikurra oinarritzat hartuta, edozein modalitateko artelan bat sortu beharko du artistak auzoarentzako. Lehen esperientzia pilotuan parte hartuko duten auzo elkarteen artean daude San Migel, Anaka, Elitxu eta Alde Zaharra-San Juan.