Hondarribiko presoen aldeko barrikotea antolatu dute larunbaterako Olagarron, 15 euroan.
Iazko Txotx Eguna
Sagardotegi garaiarekin batera, presoen eta iheslarien aldeko Hondarribiko taldeak barrikotea antolatu du. Larunbatean egingo dute, Olagarro elkartean, 21:00etatik aurrera. Txartelen prezioa 15 eurokoa da eta dagoeneko eros daitezke Muaran nahiz Maitane tabernan. Barrikoteko menua sahieskiz, berdelaz eta postreaz osatuta egongo da, eta txotx egiteko aukera izango da, kupelatik.
Barrikote berezia izango da aurtengoa, Tomas Elgorriaga atxilotu zutenetik lehenengoa izango delako. Elgorriagaren sustengu taldeak jakinarazi duenez, presoa Hondarribitik bidalitako gutunak jasotzen ari da, baita erantzuten hasi ere. Elgorriagari idatzi nahi dionak eta nola egin ez dakienak, aukera izango du galdetzeko larunbateko barrikotean.
Antolatzaileek gaineratu dute ostiraleko elkarretaratzea eta gero ere aukera izango dela txartelak erosteko. Martxoko azken elkarretaratzea egingo dute ostiralean, San Pedro kalean, 20:00etan. Ohi bezala, presoen aldeko afaria egingo dute ondoren, Olagarron. Afaltzera joan nahi duenak 727 73 01 06 telefono zenbakira deitu behar du.