EH Bilduk eta EB-Berdeak udal taldeek aurkeztu dute mozioa; plenoa hasi aurretik elkarretaratzera deitu dute herri mailako zenbait gizarte eragilek, sindikatuk eta alderdi politikok.
Han-hemenka ari dira protestak aurrera eramaten Euskal Herrian. Irudian, Bilbo.
Transatlantic Trade and Investment Partnership –TTIP ingelesezko sigletan– edo
Inbertsio eta Merkataritza Lankidetza Transatlantikoaren aurkako adierazpena aurkeztuko dute EB-Berdeak eta EH Bilduren udal taldeek biharko udalbatzarrean. Horren harira, itun transatlantikoaren aurkako jarrera erakutsi nahi dute hainbat gizarte eragilek, sindikatuk eta alderdi politikok agerraldi baten bidez plenoari hasiera eman aurretik. Hala, elkarretaratzera deitu dute 19:00etan, San Juan plazan.
Sinatzaileen artean daude, besteak beste: Lakaxita gaztetxea, Bidasoko Stop Kaleratzeak, Nicolas Gerendiain elkarte errepublikanoa, Irungo Askapena, Ernai, Ikasle Abertzaleak, LAB, ELA, CCOO, Irabazi Irun, Ezker Anitza Irun, Irungo Sortu…
Protestara deitu dutenen arabera, TTIPak “zerbitzu publikoen liberalizazioa eta horien irekiera enpresa transnazionalei” suposatzen du. Gizarte beharrak eta ingurumena alboratzen dituen ituna dela uste dute protestaren antolatzaileek.